Joan den astean jokatu zuten Zumarraga eta Azpeitia artean Urolako Trena maratoi erdia. Askorentzat berria, berezia, izango zen garai batean Urolako trenak egin ohi zuen bidean lasterka egitea, bide batez Urola Garaiko eta Urola Erdiko herriak lotuz. Ordea, hamarkada batzuk lehenago ere jokatu zituzten antzerako probak, 1966. urtean, kasurako.
Urte hartan jokatu zuten aurrenekoz Zarauzko I. Nazioarteko Maratoia. Azkoitian hasi zuten lasterketa, zehazki Alberdi y compañia zentral hidroelektrikoaren parean, Olotzaga inguruan –Arturo Delgado argazkilarik egindako argazkia da irudikoa, Kutxateka bildumatik hartua–. Urte hartako probak, baina, ez zuen izan joan den asteko Urolako Trena maratoi erdiak bezainbesteko arrakastarik; izan ere, 11 korrikalarik baino ez zuten parte hartu Zarauzko aurreneko maratoian. Etiopiako, Belgikako, Irlandako, Norvegiako, Suediako, Espainiako eta Galiziako korrikalariak elkartu zituen hitzorduak.
Joan den astean bezala, korrikalari afrikar bat nagusitu zen orduan ere: Abebe Bikila etiopiarra. Vigoko (Galizia) Carlos Perez korrikalarirekin egin zituen Bikilak probako lehen kilometroak, baina 20. kilometroan utzi zuen hark Perez atzean, lasterkaren bigarren erdia bakar-bakarrik egiteko. Azkenean, kilometro bateko tartearekin irabazi zuen etiopiarrak proba; 02.20.28 denboran lotu zituen Bikilak Azkoitia eta Zarautz.
Distantzia luzeko lasterketetan parte hartu ohi zuen etiopiar atletak, eta 1960 eta 1964 urteetako Olinpiar Jokoetan maratoiko urrezko domina irabazi zuen. 1960. urteko Olinpiar Jokoetako maratoian, oinutsik amaitu zuen proba, oinetakoek min ematen ziotelako. Lasterketa irabazteaz gain, munduko errekorra hautsi zuen Bikilak, 02.15.16 denbora eginda. Garaipen horrekin, Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazten zuen Saharaz hegoaldeko Afrikako lehen atleta bilakatu zen etiopiarra. 1964. urteko Olinpiar Jokoetan ere urrezko domina eskuratu zuen Bikilak, berriro ere munduko marka berria ezarriz (02.12.11).
Lehen bezala, orain ere mundu mailako korrikalari handiek parte hartzen dute eskualdeko kirol hitzorduetan. Joan den astean Urolako Trena proba jokatu bazen, hil honen 21ean izango da Azkoitian eta Azpeitian berezia eta handia den beste hitzordua: Diego Garcia korrikalaria zenaren omenezko nazioarte mailako 33. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Hain justu, 25 urte beteko dira aurten Garcia zendu zela.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.