Pascual Marin argazkilariak 1940. urtean egindako argazkia hautatu du Gukak hil honetako Zaharrak Berri atalerako. Urte hartako eliz atariaren eta egungoaren itxura erakustea du xede argazkiak, eta ordutik 86 urte igaro badira ere, oraindik orduko xarma mantentzen du plazak.
Joan den urteko uztailean udalak eliz atariari bestelako itxura bat ematea erabaki zuen; zuhaitzak, zuhaixkak, loredun landare iraunkorrak eta garaiko loreak landatu zituzten lau jardineretan. Hain justu, antzerako irudia du 1940ko eliz atariak: zuhaitzak, belardiak eta loreak ikus daitezke, eta nola ez, egun bezala herritarrak hara eta hona. Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren kanpandorre motzak deituko dio arreta, akaso, bat baino gehiagori; izan ere, egungo kanpandorrea ez da jatorrizkoa, 2007an berritu zuten eta.
Herritarrek eguneroko hizkeran plaza horri eliz ataria deitzen badiote ere, eliz atariko plazak badu bere izen propioa: Jesusen Bihotz Agurgarriaren plaza. Inguruan, plaza itxiz, balio handiko monumentu multzoa du, gainera: Idiakez Ederra eraikina, Etxebeltz jauregia eta Barriken iturria. Azkoitiak irudi berezirik badu, hori plaza horretako eraikinek sortzen dute.
Nola ahaztu, Andre Mariaren Jasokundeko parrokiarekin. 1510ean Baldako Andre Mariaren Parrokia zaharra lekuz aldatu zutenean eraiki zuten egungo eliza, eta euskal estilo gotikoko arkitekturaren adierazle garbia da; Pizkunde estiloko tenplu katolikoa da Azkoitiko parrokia. Barruan eskola askotako erretaula garrantzitsuak ditu, hala nola Sevillakoa edo Madrilgoa, baita Antxietaren eragin argia duten eskulturak eta multzo rokokoak nahiz neoklasikoak ere. Bere altxorrik handiena, ordea, mundu mailan erreferentea den 1898ko Cavaille-Coll azken organo erromantiko sinfonikoa da. Ez da ez edonolako plaza Azkoitiko eliz ataria.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.