1918. urteko modako pilotariak, Goiko Losan

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2025eko abenduaren 7a

Bojas, Pitxirri, Azkoitiko Txikia eta Azkoitiko Txikito, 1918an, Goiko Losan. (Indalecio Ojanguren)

Gukak hil honetako Zaharrak Berri atalerako hautatu duen argazkia 1918. urtekoa da. Txikito anaiak ageri dira irudiaren eskuinaldean, Bojas eta Pitxirri pilotarien aurkako partidaren atarian. Pilotarien estetikaz gain, herriaren bihotzean dagoen pilotalekua bera ere asko aldatu dira ehun urtean.

Joan den igandean, San Andres egunean, jokatu zituzten herriko pilotariek 51. Kontzejupeko Pilota Txapelketako finalak, Kontzejupean. Azkoitian, baina, historia luzea du pilotak, eta hori mendez mende, urterik urte, pilotariek egindako ahaleginari zor zaio. 

Txikito dinastia da Azkoitiko entzutetsuenetako bat, eta Gukak hil honetako Zaharrak Berri atalerako hautatu duen argazkian ikus daitezke dinastia horretako bi pilotari ezagunenak: Txikito I.a eta Txikito II.a –eskuineko biak dira–. Bi horiez gain, argazkian ageri dira Logroñoko Faustino Galilea Bojas (ezkerrekoa) eta Elgoibarko (Gipuzkoa) Gerardo Arriola Pitxirri. 1918. urtean, Indalecio Ojanguren argazkilari ezagunak Goiko Losan jokatutako partida baten arestian ateratako argazkia da.

Pilotariak goitik behera zuriz jantzita ikus daitezke plazako frontoian, oinetan abarketak dituztela. Haiei begira, berriz, jendetza ageri da, errebote aldean behintzat. Dena den, pilotarien itxurak bezainbesteko arreta deitzen du plazaren itxurak. Pilotalekuaren jatorrizko egoera zein zen ere nabarmen ikus daiteke argazkiari so eginda, ezker hormako harlauzak bistan baitzituen frontoiak duela 107 urte.

Pilotalekutik kanpo, berriz, plazaren bueltako eraikinek ez dute egungoaren tankerarik. Batetik, ikus daiteke aurreko mendeko pilotalekua egungoa baino luzeagoa zela, plazaren erdira artekoa, gutxi gorabehera. Atzeko eraikinak edo etxeak ere, oraingoen aldean desberdinak dira. 

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide