Iritsi berria da abuztua; iritsi da herriko festak ospatzeko sasoia. Abuztuaren 14an lehertuko da andremariei ekiteko txupinazoa, eta hilaren 18ra bitartean, herritarrek bost jai egun izango dituzte ospatzeko nahiz gozatzeko. Askorentzat itxaronaldiak luze jo badu ere, egunak besterik ez dira falta horretarako.
Azkoitia Gukak 1928. urteko andremarietan egindako dantza lehiaketako irudi bat hautatu du oraingoan Zaharrak Berri atalerako, Arroitajauregi argazkilariaren bildumakoa. Hain justu, abuztuaren 19an egin zuten urte hartan Eskualdeko Dantza Bikoteen Lehiaketa Nagusia. 18:30ean hasi zuten txapelketa herriko plaza nagusian; jende ugari bildu zen han, oholtzaren gainean dantzariak ikusteko.
Guztira, sei bikotek parte hartu zuten lehian, denak ere azkoitiarrak. Udal artxiboak emandako informazioaren arabera, lehiaketan parte hartu zuten gizonak izen-abizenez zehaztu zituzten, baina emakumeak, abizenez soilik. Honako sei bikote hauek aritu ziren dantzan plazan: Martin Larrañaga eta Larrañaga; Secundino Juaristi eta Bergara; Luis Larrañaga eta Juaristi; Jose Ramon Larrañaga eta Agirre; Marcelino Azkoitia eta Isasmendi; eta Luis Balentziagak eta Alberdi.
Juaristik eta Bergarak irabazi zuten txapelketa, eta haiek 35 pezeta irabazi zituzten. Larrañaga-Juaristi bikotea izan zen bigarrena, eta haiek urrezko txanpon bat irabazi zuten; hirugarren, berriz, Larrañaga-Larrañaga bikotea sailkatu zen, eta haiek 20 pezeta irabazi zituzten; Balentziaga-Alberdi bikoteak 15 pezeta irabazi zituen laugarren eginda; Azkoitia-Isasmendi bikotea bosgarrena izan zen, eta haiek poltsa bat irabazi zuten; eta azkenik, seigarren postuan sailkatu zen Larrañaga-Agirre bikotea, likore botila bat lortuz.
Dantza lehiaketa andremarietakoa dela baiezta daiteke; izan ere, Kontzejupearen eskuinaldeko bi arkuen arteko zutabean zezenketak iragartzeko kartela ikus daiteke. Hain zuzen, urte hartan zezenketak izan ziren andremarietan. Era berean, egun horretako jai egitarauan esku pilota partida bat, makila dantzarien zein ezpata dantzarien ikuskizuna eta musika bandaren nahiz danbolin jotzaileen erromeria ere izan ziren.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.