Urria atzean gelditu berria den honetan, azkoitiar asko eta asko izan dira hilaren 12ra begira jarri izan direnak; izan ere, egun horretan urte askoan ospatu izan dute mendi ganadu feria Elosuan. Artisauen askotariko produktuak, auzotarren ganadu erakusketa, erromeria, herri kirolak... Egun bakar baterako festa handia zen urriaren 12koa herritar askorentzat. Dena den, iritsi zen feria egun hura bere amaierara.
Duela bi mende inguru, Gorlako kantinaren inguruan egiten zuten Elosuko feria, garai hartan Iturriberri gaina bezala ezagutzen zen lekuan; aurrez, ordea, San Adrian bezala ezagunagoa zen, han zegoen ermitagatik. Gero, utzi egin zioten egun hura antolatzeari, eta Gorlako feria auzoko plazara eramateko lanetan hasi ziren zenbait elosuar hamarkada batzuk geroago.
1978an egin zuten aurrenekoz feria Elosuko plazan. Enparantza ganaduz bete ohi zen, eta auzo elkartearen atzeko zatian kokatzen zituzten artisauek eta saltzaileek beraien postuak. Urteek aurrera egin ahala, azokaren itxura aldatuz joan zen pixkanaka, harik eta 2019an azkenekoz egin zuten arte; 41. Elosuko Feria eginda amaitu zen urriaren 12ko festa Azkoitia eta Bergara arteko auzoan.
Hilabete honetako Zaharrak Berri ataleko irudia 1957. urtekoa da. Argazkian eskusoinua jotzen ari den gizon bat eta emakume bat ageri dira Elosuko plazaren erdian. Auzoak izan duen bilakaeraz ere jabetu daiteke argazkia ikusita; izan ere, bi lagunen atzean Iriaun baserria dago, eta ezkerrean, auzoko pilotalekua, artean estali gabea. Argazkia Indalecio Ojanguren argazkilariarena da, eta Gukak Gure Gipuzkoatik hartu du.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.