Errematea

Haurtxo gaixoa

Haur bat. (Pixabay)

Yolanda Larrañaga kolaboratzaileak martxoko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Haurtxo gaixoa.

Tristura eta negargura eman dizkit pasatu berri dudan pasarte batek.

Egoera beltz eta ulertezin baten aurrean suertatu naiz duela egun gutxi. 5 urtetxo besterik ez zituen haurtxo txiki baten magalean itxi zituen azken aldiz begiak bere amatxok.

Azken bi hitzak bere alabatxo politarentzat izan ziren hala ere. "Maite zaitut", esan zion amak bere begi urdinetatik bi malkotxo erortzen ziren une berean.

Haurtxoak ezin ulertu gertaturikoa. "Yolanda... hainbeste maite banau, zergatik utzi nau? Zergatik erabaki du nire albotik betirako urruntzea? Zerbait gaizki egin ote dut? Zer egingo dut nire amaren laztanik gabe?".

Ez, noski; haurtxoak ez zuen ezer gaizki egin, amak ere ez zuen nahi haurtxo txikia utzi eta alde egiterik, baina bizitzako minutuak amaitu zitzaizkion.

Pasarte horren ostean, ezin ditut kendu haurtxo haren hitzak burutik, ezta bere haserrea eta negar zotinak ere. Milaka aldiz galdetu diot nire buruari, eta orain irakurleari galdetu nahiko nioke: ba ote da modu egokirik haurtxo bati ulertarazteko bere aitak edo amak hainbeste maite duen haurtxoa utzi eta betirako alde egin behar duela? Ba ote da modurik min hori arintzeko edo ulertarazteko? Presta ote gaitezke heriotzaren aurrean sufrimendua hain krudela ez izateko?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide