Hemeretzi

Yolanda Larrañagak apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Hemeretzi'.

Egunotan 19 zenbakia inoiz baino gehiago entzun eta ikusi dugu inguru guztietan. Bai, COVID-19 hitza gure bihotz taupada bakoitzean dugu presente. Gaurkoan, hemeretzi urte atzerago jo nahiko nuke. Hemeretzi urte igaro dira larunbat ilun eta goibel hartatik, baina duela hemeretzi segundo pasatu izan balira bezala gogoratzen dut une goibel hura.

Larunbat goiza zen. Sakelekora deitu zidaten berri triste eta sinestezin bat helarazi nahian. “Egunon Yolan. Diego hil da ...Diego Garcia hil da”, zion negar zotinari heldu ezinik. Nola? Diego? Nire idoloa eta laguna? Bihotz taupadak ozen eta begiak malkoz beterik eskegi nion mugikorra.

Hemeretzi urte pasatu dira dagoeneko, baina azkoitiar gisa zorretan sentitzen naiz oraindik. Ezagutu genuenok sekulako zortea izan dugula deritzot. Loiola bidean bere albotik pasatu eta beti botatzen diot irribarre txiki bat Diegoren irudiari, zerutik ikusiko banindu bezala. Azkoitiko herriak izan duen pertsona jator eta umilenetako bat zen nire ustez. Munduko onenen artean zegoen, baina ez zuen inoiz harrokeriarik edo gehiegikeriarik bere inguruan. Gizon apala, lagunen laguna, irrifartsua eta bizitza umore goxoz hartzen zuena. Azkarregi eman zintuzten lurretik zerura, baina nahiko denbora egon zinen gure artean zu faltan botatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide