Lanak ere halakoxeak dira, soilak, sotilak, isilak, bareak. Zaratarik egin gabe joan zen Alejandro Tapia Aiestaran (Aginaga, 1930eko azaroaren 26a – 2016ko abenduaren 24a). Bere omenez jarri dute erakusketa, atera dute katalogoa, banatu dute bisitarien artean. Eta ikusleak eskertzen du, baina pena ere ematen dio, papereko argazkiak koadro hau ikusi zuen instant hura ekartzen baitio gogora, eta harekin batera, eta batez ere, hura berritu ezina.
Anjel Lertxundik eta Bernardo Atxagak idatzitako bi testu dakartza katalogoak, eta halaxe jasotzen du Atxagarenak: “Batzuetan, Basho eta bere lagunen poematxoetan bezala INSTANT bat jasotzen diate, zeru baten azken argia”. Naturari begira bizi izan da artista, dena egiten zaio miragarri bere soilean, paisaia beti da bere barne paisaia.
Atxagarena da hau ere: “Baserriko seme, langile Tolosa eta Donostiako errestaurazio tailerretan hamalau urtez geroztik, Tapiak 1962an erabaki zuen bere burua osoki pinturara ematea, garai hartan ospetsua zen Eguberritako Saria irabazi ondoren. ‘Lana utzi behar duk?’ –esaten omen zioten etxean inguruko mundua gogoan hartuz. Ez baitzegoen inguru hartan ez pinturarako girorik eta ez koadro erosle jakinik. Ordea berak barne-barneko aspirazioa zuen pintura, ezin zuen nahi hura burutik kendu, eta arriskatzea erabaki zuen”.
Eskerrak batzuek arriskatzea erabaki zuten, eskerrak batzuek edertasunaren alde egiten duten.
Artikulu hau Argia.eus atarian argitaratu da eta duen CC lizentza baliatuta ekarri dugu MAXIXATZENera.