Espainiako Kros Txapelketa jokatuko dute igandean Xeyeko 16 urtez azpiko bi taldek

Erabiltzailearen aurpegia Xeye atletismo taldea 2025eko azaroaren 17a

Espainiako Txapelketa jokatuko duten korrikalariak. (Utzitakoa)

Datorren igandean, Burgosko Atapuercan (Espainia) jokatuko dute txapelketa, eta han izango dira Xeye atletismo taldeko 16 urtez azpiko nesken eta mutilen talde bana. Donostiako Nazioarteko Krosean lortu zuten Xeyekoek Espainiako probara sailkatzea.

Xeye atletismo taldeko 16 urtez azpiko nesken eta mutilen talde banak Espainiako Kros Txapelketa jokatuko dute datorren igandean, hilak 23, Burgosko Atapuercan (Espainia). Hil honen aurreneko igandean jokatu zuten Lasarteko (Gipuzkoa) hipodromoan 69. Donostiako Nazioarteko krosa, eta Azkoiti-Azpeitiko korrikalariek han lortu zuten Espainiako txapelketarako sailkatzea; izan ere, Donostiako krosa Espainiako Txapelketarako puntuagarria izan zen.

16 urtez azpiko neskek hirugarren postua eskuratu zuten Lasarten, eta mutilek, bigarrena. Dena den, Ane Bosch korrikalari azkoitiarra podiumera igo zen orduan, hirugarren postua lortuta; bigarren urtez jarraian lortu du Boschek podiumera igotzea Lasarten.

Atapuercako XXI. Nazioarteko Krosean arituko dira Azkoitiko eta Azpeitiko korrikalariak; 3.250 metroko lasterketak jokatuko dituzte bi taldeek, biak goizeko aurreneko orduan. Mutilen taldea Julen Zialtzetak, Jakes Zubizarretak, Oier Arrizabalagak, Markel Lorenzok eta Unax Artetxek osatuko dute. Nesken taldea, berriz, Ane Boschek, Ane Arregik, Udane Nuinek, Laia Urrestillak, Ainhize Subinasek, Amaia Azkoitiak eta Intza Etxeberriak osatuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide