Azpeitiko XX. San Silbestre lasterketa, Urtezahar egunean

Urtezahar egunerako XX. San Silbestre lasterketa antolatzeko lanak hasi ditu Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeak. Iazko etenaren ondoren, aurten urtea lasterka bukatzeko aukera izango dute herritarrek.

San Silbestre lasterketaren edizio berria prestatzeko lanean hasita daude Xeye atletismo taldekoak. Iaz, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, Urtezahar egunean Azpeitian egin ohi den lasterketa herrikoia ez antolatzea erabaki zuten antolatzaileek. Aurten, ordea, abenduaren 31n Azpeitiko kaleak jaia eta kirola uztartzen dituen probak hartuko ditu. Gainera, zenbaki borobila beteko du Azpeitiko San Silbestreak: hogeigarrena.

Aurreko edizioetan bezala, abenduaren 31n, 12:00etan hasiko da San Silbestreko lasterketa. Ibilbideak ez du aldaketa esanguratsurik izango; alegia, plazan hasi eta bukatuko da sei kilometroko ibilbidea. Proba nagusiaren aurretik (11:30), gainera, azken urteetan egin den gisan, inklusioa bultzatzeko asmoz antolatu ohi duten lasterketa izango da. Kasu horretan, herritar orok parte hartzeko aukera izango du, eta Alde Zaharrean 500 metroko ibilbidea egingo dute.

Xeye atletismo taldeak azaldu duenez, laster irekiko dute Azpeitiko XX. San Silbestre probarako izen ematea Kirolprobak.com-en. San Silbestre lasterketa azkenekoz 2019ko abenduaren 31n jokatu zen, eta orduko hartan, Aitor Mimenza eta Onintza Zeberio izan ziren irabazleak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide