Xabier Muniberen urteurreneko festa, maiatzaren 13an

Aste honetan eskuratu ahalko dira ekitaldi nagusirako sarrerak online eta fisikoki.

Azkoitiko Xabier Munibe ikastola bere 50. urteurrena ospatzen ari da aurtengo ikasturtean. Honen harira, hainbat ekimen  egin dituzte aurten: argazki erakusketa, komunitateko kideekin kontzertua, astero partekatzen diren elkarrizketak, dantza eta abestien bideoak...

Maiatzak 13an emango diote egitasmoari amaiera, festa handi batekin. Arratsaldean zehar jolasak eta puzgarriak egongo dira herrian zehar. Trikitiaz lagundutako kalejira ere egingo da. Azkenik, 22:00etan Azkoitiko ikastolaren histori txikia hara! ikuskizuna eskainiko dute ia 300 parte hartzailek.

Sarrerak, aste honetan

Azken emanaldi hori ikusteko, doakoak izango diren sarrerak beharko dira. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera erosi ditzake.

Maiatzaren 3an hasiko da online salmenta, 09:00etan, horretarako sortu den web orrian.

Maiatzak 6, larunbata, 100 sarrera fisikoki salduko dira Portaleburu inguruan 11:00etatik 14:00etara bitartean. Salmenta hori teknologiekin arazoak izan ditzaketenei dago bideratuta.

Ekitaldiaren egunean, ateen irekiera 21:15ean aurreikusten da. Itxiera, berriz, 21:45ean izango da. Beraz, denboraz etortzea gomendatzen da. Ordurako bertan ez dagoenak sarrera galduko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide