Zurekiko desabantaila dut, irakurle. Zuk badakizu Realak edo Athleticek irabazi duen bart arratseko partida historikoa; nik, ostera, larunbat eguerdian bukatu dut zutabe hau. Halere, idatzi nahi dudana idazteko, kasik hobeto datorkit. Urte asko daramatzat NOTICIAS DE GIPUZKOAn iganderoko artikulua idazten, sortu zuten aste beretik. Duela urte batzuk Deia egunkariak baimena eskatu zidan, eurek ere argitaratu ahal izateko. Kopako finalaz idazteko gauzak asko aldatzen direla pentsatuko du zenbaitek, Gipuzkoarako soilik idatziko banu nire realzaletasuna askeago adieraziko nukeela, edo zurigorrien jarraitzaileei buruzko komentario ironikoren bat idatziko. Herri-ikuskeraz idazten duenak inozokeria horiek guztiak saihesten ditu. Beldur naiz, ordea, beste ikuskera bat ez ote den gailendu.
Berez, herri-kontzientzia dugunontzat espresuki idatzitako gidoia dirudi: bi euskal talde Espainiako Erregearen Kopako finalean... Aberri Egunaren bezperan. Txapela buruan duten askori bestelako txorten bat nabarmentzen zaie. WhatsApp bidez iritsi zait Telebilbao katean finalari buruz egin duten saio bat. Solaskideetako batena izan ezik, gainerakoena ikuspegi probintzialista da erabat, motza eta moztailea. Batek dio eta ez du nerabezaroko laineza izateko adinik Reala bigarren mailan ez, desagertuta ikusi nahi lukeela. Realzaleen artean ere sumatu ditut antzeko jarrerak. Bart Realak irabazi badu, egin ditugun oihuez kexatu izango dira bizilagunak.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.