Makurrago eta nahiago

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2018ko aza. 5a, 09:03

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Ez nuen ezagutzen Juan Francisco Lozano Díaz, Caceresko Don Benito herrian labankadaz hil duten guardia zibila, Zarautzen bizitzen urte batzuk bazeramatzan baina. Haren argazkia bilatu dut sarean, agian bistaz bederen ezagutuko nuela pentsatuta, baina ez, aurpegi hori sekula ikusi izanaren irudipenik ez dut. Ez ginen giro berean ibiliko nonbait.

Seme-alabak zituela jakin dut, emazte ohiarekin kanpoan bizi direnak. Hemen bizi balira, geureen eskola berean lebiltzake ia seguru. Hala balitz, lagunak izatea ere ez litzateke harrigarri. Ala bai? Larri ibili. Aitortzen dut zenbait une deseroso sor litzakeela balizko adiskidetasun horrek. Esate baterako, ez dut neure burua kuartelean ikusten, haur haietakoren baten urtebetetzea ospatzen, baina ezta adiskidetasun horri oztopoak jartzen ere.

Sorterrira jaiegun hauek igarotzera joana zen Juan Francisco. Goizaldean diskoteka baten atarian sortutako istilu bat baretzeko ahaleginetan ziharduela sastakatu zuten. Bakea jarri nahian. Ez dakit hemen diskoteka edo tabernetan ibiltzeko ohiturarik zuen. Guardia zibil, polizia eta militar espainiarrentzat ez da erraza izango oraindik ere zenbait lekutan parranda egitea. Ez zait iruditzen duela bi urte Koxka tabernan liskar hura piztuko zenik erasoa jasan zutenen ogibidea beste bat balitz. Alabaina, eraso haren ondorioz kartzelan dauden herriko gazteen aurkako auzia logika eta neurri guztiez gaindikoa da. Eta afera gisa horretan gainezkatzea, legedia degenerazioraino bihurritzea.

Jarraitu iritzia irakurtzen Noticias de Gipuzkoa egunkarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide