Suzko aldarrikapenak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2018ko mai. 14a, 09:14

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Norbere ikuspegi mugatuaz haragoko ezer ez da existitzen zenbaitentzat. Egunerokotasunaren begiak dira normaltasuna. Herrialde musulmanetatik etorritakoei integraziorako gaitasunik eza leporatzen diegu, ez baitira pintxo-potera animatzen. Aldiz, kaleko bizitza guk baino askoz landuagoa duten herrialdeetako bizilagunei, uruguaitarrei esate baterako, otorduak eta hitzaspertuak egiteko gure parke eta plazak eurentzat hartzea egozten zaie. Azkoitiko Oteitza frontoietako errebote-plazan kriketean aritzen diren pakistandarrei ere begi-zeharka begiratzen diegu. Hona etortzearekin batera eskuliburu bat eman behar genieke, gure ohituretara makur daitezen. Zer uste dute, ordea!

Zibilizazioen arteko desberdintasunak are argiago islatzen dira bateko eta besteko zigor-kodeetan. Bangladeshen 15 urtetik gorako ikasleei 5 eta 10 urte bitarteko kartzela-zigorra ezartzen diete azterketetan tranpatan harrapatuz gero. Espainian, ostera, ardura politiko handiak izandako ordezkari bat harrapatu dute gezurretan, inoiz egin gabeko master baten agiriaren jabe, eta ez du dimisioa beste zigorrik izan.

Indian neska bat bortxatu dute taldean. Bortxa-tzaileak herri-kontseilu moduko batek epaitu ditu, eta zigor irrigarria ezarri: 100 abdominal eta 630 euroko isuna. Zigorrari gehiegizkoa iritzita, aurrez bortxatu zuten neskaren etxera joan eta su eman diote, neska barnean zela. Ez diote barkatu bortxaketa salatu izana. Espainiako Auzitegi Nazionalean eginiko epaiketan, berriz, fiskaltzak 62 urterainoko espetxealdia eskatu du taberna batean bi goardia zibili eraso egin bide zieten gazteentzat.

Jarraitu iritzia irakurtzen Noticias de Gipuzkoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide