Piromanoa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2018ko api. 9a, 08:58

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Botere-banaketarik ez den lekuetan, harrigarri gertatzen da gertuko beste batzuetan badela ikustea. Espainiako polizia-indarrek uste genuena baino kontrolatuago zuten Puigdemont. Kataluniako presidente kargugabetuak hainbat herrialde pasatu ditu Europa zaharrean barna egin duen ibilian.

Atxilotu eta estraditatzeko, denetan aproposena Alemania iruditu zitzaion Espainiari, baina han ere ez diote iritzi matxinada deliturik egin duenik. Europak erreferenduma babestu eta Espainiaren jokabidea gaitzetsiko zuelako usteak huts egin ondoren, hau da Kataluniako autodeterminaziozaleek lortu duten lehen garaipen garrantzitsua. Kolpe bortitza izan da Llarena epailearentzat, gaitzeko zartada Puigdemont deabruaren pare jarri duen estatuarentzat, eta trago mikatza hedabideetatik harentzat zigorrik gogorrenak eska-tzen ari izan diren beste batzuentzat.

Tragoa mikaztu baino gehiago, Alemaniako auzitegiaren erabakia kontrako eztarrian trabatuta geratu zaio Jiménez Losantos espainiar kazetari eta enpresariari. Puigdemont fidantzapean aske utzi duen Alemaniako epaileari sekulakoak eta bi esan dizkio: higuingarria, nazia, gorria, txorizoa, prebarikatzailea… Pentsa zenbat axola zaion botere-banaketa gizon horri. Axola ez izateaz harago, guztiz kontra dago. Bestela ezin dira ulertu oro har herritar alemaniarren aurka egin dituen mehatxuak. Mallorcan 200.000 alemaniar bahitu daudela esan du, eta Bavierako garagardotegiak lehertzen has litezkeela iradoki. Adierazpen horien bideoa Municheko poliziari bidali diote hainbat twitterzalek, eta honek mehatxuak kontuan hartuko dituela esan du. Espainiako polizia, ostera, isilik geratu da. Pailazo, titiritero eta raperoen mehatxuei erreparatzen badu aski lan.

Jarraitu iritzia irakurtzen Noticias de Gipuzkoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide