Batzuen ustez dena da kasualitate, besteen iritziz ezer ez. Atzo izan zen Bilbon presoen eskubideen aldeko manifestaldia. “Prest gaude. Euskal presoak Euskal Herrira” lelopean, milaka herritar irten ziren kalera berriz ere. Euritan, aterkipean egin behar izan zuten ibilaldia. Espainiako Estatuaren espetxe-politikan ez da aterrunerik. Egun berean jakin genuen Frantziak aste gutxi barru ekingo diola presoak gerturatzeari.
Batzuen aburuz dena da kasualitate, beste batzuek uste dute gertakari denak daudela lotuta. Aste honetan bertan eman du Euskal Telebistako Ur Handitanprogramak haur motxiladunei buruzko saioa. Askotarikoak dira motxiladun haurrak, askotarikoak motxilak. Astearteko programan gurasoak urruneko kartzeletan barreiaturik dituzten umeena izan zuten aztergai. Ezeren errurik gabeko haurrak dira. Gurasoek zernahi egin dutela ere, ezerk ez dezake justifika urtean milaka kilometro egitera behartzen dituen kondena erantsia. Are gutxiago ETAk jarduera armatua betiko utzia duenean, gizarteak aurrera begiratzeko borondate irmoa erakutsia duenean.