Larrusendo

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2017ko mai. 22a, 09:24

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Josep mintzatu da asteon, Jordi Pujol eta Marta Ferrusolaren hirugarren semea. Esan duenez, “aitaren ibilbide politikoari kalterik ez egitearren” erabaki zuten Andorrako dirua ezkutuan edukitzea.

Herentzian aitonarengandik hartutako diruaz ari da. Elkarrizketan sakondu ahala, gero eta defentsa irmoagoa egin du aitaren jokamoldeez, esaldi biribil batek ihes egiteraino: “gure aitari sekula ez zaio dirua axola izan”.

Lehenbiziko euroa lapurtzea omen da zailena. Gero, apurka-apurka, azala zarakar bihurtzen hasten da, lapur txikia lapurtzar, erabateko larrusendo. Pujoldarrek larru sendoa ere herentzian hartu dute, bistan denez. Uka litekeen dena ukatzen ari dira, baita uka ez litekeena ere, elkar babesten, euren klan mafiosoaren “izen ona” zikintzen ari direnekiko haserrea erakusten. Zerbitzatu behar zituztenak, herritar katalanak, larrutu egin dituzte eta, eskuak kutxa gotorrean zituztela argazkiak atera badizkiete ere, errugabetasuna aldarrikatzen jarraitzen dute. PP alderdiak, aldiz, astero du lapur saldoa gizenduko duen elementuren bat. Ez dira garai errazak politikaren eta politikarien duintasunaren defentsa egiteko.

Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzia. Jarraitu irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide