Tontolapiko

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2017ko ots. 13a, 10:17

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Duela zortzi urteko giroa dut gogoan. Obama presidente hautatu berritan, ilusioa sumatzen nuen nonahi. Euskal Herriko lagunei zein jatorri euskalduneko amerikar adiskideei esperantza berezi bat antzematen nien. Bush semearen agintaldi bortitz eta traketsaren ondoren, zerbaiten premia ere bazegoen, egiari zor.

Obamak beste begirune bat erakusten zuen munduko herrialdeekiko, beste zabaltasun bat erlijioekiko, beste sentiberatasun bat gizartearen sektorerik ahulenekiko. Halere, itxaropenezko mezuei bukaerako ohar bat eransten zioten denek: ea uzten dioten. Izan ere, denok genekien munduko herrialderik ahaltsueneko presidenteak ere bazituela are ahaltsuagoak diren botereak. Hala, zortzi urteren buruan, bigarren agintaldia kongresuaren gehiengoa ere kontra zuela burutu ondoren, argi ikusi dugu amaierako eranskin hori, egoki ez ezik, beharrezko ere bazela: ez diote nahi zuen dena egiten utzi.

Donald Trump dugu orain AEBetako presidente. Harekin itxaropena beste bat da: nahi duen dena egiten ez ahal diote utziko behintzat! Izen bereko ahatearen ibilera baino baldarragoa den ile-horiari meritu bat aitortu behar zaio, nolanahi ere: agindutakoa betetzen saiatzen ari da. Alta, dohain horrek izua eragiten du egindako promesak zibilizazioen arteko elkar ulertzearentzat, gizakien arteko berdintasunarentzat, munduko bakearen-tzat mehatxu direnean. Trumpentzat ez dago mugarik. Hark ez du erreparorik beste edozein herrialdetako presidenteri telefono deiak mozteko, ez du lotsa zipitzik bideratu dituen politiken aurkako jarrera erakusten duen edozein artista entzutetsu gutxiesteko, zirkinik gabe egiten die eraso bere asmoak zalantzan jartzen dituzten epaile eta auzitegiei.

Jarraitu iritzia irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide