Iraganaren kateak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2016ko mar. 7a, 11:27

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Arnaldo Otegiri omenaldi jendetsua egin zioten atzo Anoetako belodromoan, askok aurre-kanpainako ekitaldi gisa ulertu dutena. Karismadun politikariak hain urri diren garaiotan, Arnaldorenari beste plus bat erantsi dio sei urte eta erdiko kartzelaldiak. Hainbat aztertzailek elgoibartarraren ibilbide eta bilakaerari nahi bezainbat aitzakia ikusiko badizkio ere, haren azken urteotako jarduna bakeranzko urratsak ematera bideratuta egon da.

Beste kontu bat da zerk eraman duen horretara, konbentzimendu etikoak ala komenientzia estrategikoak, baina hura espetxeratu zuenak bazekien indarkeriaren amaierarantz eraman nahi gintuen eragile garrantzitsu bat sartzen zuela itzalean. Aske geratu ondorengo adierazpenetan ere Otegik oso argi utzi du apustu horrek ez duela itzulbiderik.

Etorkizuna lantegi dugun honetan, iraganaren kate astunetatik askatu ezinik gabiltza. Ezker abertzaleaz eta Ahal Dugu alderdiaz bestelako esparruetatik Otegiri etengabe gogorarazten dizkiote garai batean esanak eta esan gabe utziak, honen jarraitzaileek beatifikazio prozesua abiatu dutela salatzen duten aldi berean. Ez da, ordea, iraganaz kargu hartzen dioten bakarra. Espainiako presidentearen inbestidura-saio usteleko eztabaidetan salaketa gogorrak entzun ditugu. Felipe Gonzalezi GAL talde terroristaren burua, “X jauna” izatea leporatu diote. Sozialistei odola irakiten jartzen die GALen garaiak aipatzeak, baina ezin ditugu oroimenetik urrundu Gonzalezek eta beste hainbat alderdikidek Barrionuevo eta Vera terroristei espetxeko atean emandako besarkadak eta egindako omenaldia. 

Jarraitu irakurtzen Xabier Euzkitzeren iritzia, hemen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide