Visca!

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko urr. 1a, 17:05

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Atzerriko hauteskunde kanpaina batek inoiz ez du halako ikusminik piztu gurean, ez auzo-herrietan ere. Ia ezer ez dakigu alderdi bakoitzak osasungintzaz, hezkuntzaz edo gizarte gaiez proposatu duen ibilbide orriaz. Bideragarritasun ekonomikoaz hitz egin dute, baina tripetatik. Kaka zaharra, beraz. Gai horiek funtsezkoak izanik ere, beste batek behe-laino trinkotan lausoturik utzi ditu. Bagara ala ez gara? Zer era eta neurritako emaitzak lirateke aski Kataluniaren independentzia alde bakarrez aldarrikatu ahal izateko? Eta aski onak balira, zer?

Ausarta behar du Isabel eta Fernandoren herri bakar handi horren haustura eragiteko. Espainiar mass mediak, gobernuak eta gobernu ez denak hauspoturik, erabaki horrek lekarzkeen ondorioen aurreikuspenik makurrenak egin ditu. Bertan bizi eta espainiar sentitzen direnek automatikoki galduko lukete espainiar nazionalitatea, baita europartasuna ere. Ekonomikoki Kataluniaren galbidea litzateke, aurki ikusiko genituzke katalanak kutxazainen aurrean ilara kilometrikoetan, estelada poltsikoan gorde eta 100 euro miserable ateratzeko itxaropenez. Ikuskizun da eguzki sistemak bere baitan horrelako herrialderik nahi ote lukeen. Eta hori guztia nahikoa ez balitz, Barça munduko futbol ligarik indartsuenetik kanpo geratuko litzateke. Hori gogorrena.

Ez, adiskideok, ez. Eguzki sistematik kanpo hotz ikaragarria egingo du, eta gure taldeak hiru urtez behin Real Madril mendean hartzen ikusteko bizipozik gabe nola jaiki goizero ohetik? Espainiako hauteskundeen emaitzen arabera, oso litekeena da hurrengo gobernuak, hain bakar eta handi izango ez den estatu horretako agintariek, gure “foru nazioa” errespetatzeko prestasuna erakustea. Eta horrelaxe jarraituko genuke, menderik mende, joko semantikoak adabaki, ez hain bakar eta ez hain handi horren epelean, ez frijitu eta ez egosi, betetzen Eibarko Astelena pilotakua baino zailagoa den estatutu zikiratu horri tiraka.

Jarraitu Xabier Euzkitzeren iritzi artikulua irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide