Denboraldi honetan hiru aldiz izan naiz San Mamesen, zeanuriztar adiskide estimatu batek gonbidaturik. Lehen bi norgehiagoketan, kanpoko taldeen aurka jokatu dutenetan, zuri-gorriei bultzaka aritu izan naiz. Lehengo asteartean euskal derbia izan zen, ordea, eta ni Realzalea naiz ezaguerarik dudanetik. Ikerketa soziologiko bat egiteko modukoa iruditu zait hiru partida hauetan ikusi dudana.
Lehen bietan, ondoan nituenen desioak neureen norantza berean zihoazelarik, olatuari berekin eraman nintzan utzi nion. Ez ondokoak bezain bero, baina zuri-gorriak hauspotu eta epailearen zenbait erabaki protesta-tzen aritu nintzen. Derbian, ostera, olatua aurka nuelarik, harriturik utzi ninduen zaleen portaerak. Epaileak euren kontra hartutako erabaki guztiak lotsagarriak iruditzen zitzaizkien, eta aldekoak aski agerikoak. Realaren aurkako penaltia ere, aditu ia denek izan ez zela esan zuten hura, ezin argiagoa iruditu zitzaien inguruan nituen den denei, salbuespen bat bera gabe. Athleticen jarraitzaileak guztiz itsu eta fanatiko begitandu zitzaizkidan oraingoan, eta ongi dakit gainerako taldeenak ez direla hobeak. Bistan da, futbolak aldatu egiten gaitu. Edo bestela -hori makurragoa litzateke- gure benetako nortasuna azaleratu.
Epailearen hanka-sartze eta guzti ere, Realak partida berdintzea erdietsi zuen. Aspaldiko partez, hagitz ongi jokatu zuen gainera. Etxerakoan, Markel Bergarak egindako adierazpen batzuk entzun nituen irratiz: “zergatik jokatu dugun hobeto? Horrelako partidek beste motibazio puntu bat ematen dute...” To! Harrapazank! Zaleen itsukeriak baino gehiago estonatu ninduen horrek. Egiari zor, Markel da jokatzen duen bakoitzean lehertu arte jo eta su ari-tzen direnetako bat, baina horrelako adierazpenek edonoren animoa erkintzen dute. Lagun artean pilotan jokatzera joan garen bakoitzean, xemeinkorik jokatu beharrik gabe, hormarekin burua txikitu beharrean ari izan gara beti, elkarri hozka egitea bakarrik falta zaigula. Eta kiroletik bizi izateko zoria izan eta urtebetean langile arrunt batek bizi osoan baino diru gehiago irabazten dutenek motibazio faltaz hitz egitea benetan larria da. Dena ematen duena hirugarren mailan ere animatuko dut, baina Barça, Real Madril edo Athleticen aurka bakarrik motibatzen dena ez da nire taldea.
Xabier Euzkitzek herenegun, maiatzak 3, Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da.