Tradizioari traizioa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Etxaniz Ulazia 2020ko aza. 10a, 08:30

Xabier Etxaniz Ulaziak urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Tradizioari traizioa'.

Txiki-txikitatik hazi naiz (edo hezi naute) ingurune oso folklorikoan. Trikitixa doinuak izan dira gure etxeko sukaldeko irratian entzun diren bakarrak. Eta ausartuko naiz trikitixa doinu tradizionalak soilik izan zirela esatera.

Hamahiru-hamalau urte dituzunean, zure lagunak hasten dira era bateko edo besteko musika entzun eta harekiko ideologia edo janzkerak publikoki aldarrikatzen. Nik, aldiz, etxeko irratiko musika soilik entzuten nuen, eta jendaurreko ekitaldi baterako soilik aldatzen nire eguneroko janzkera: abarkak eta artilezko galtzerdiak janzten nituen. Beti ikusten nuen neure burua kulturalki oso tradizional, eta beraiek oso moderno.

Eta erromerietan ongi pasatzen nuen. Seguraski, rock talde baten kontzertuetan baino hobeto. Zortekoa sentitu izan naiz alderdi horri dagokionez. Hezi ninduten tradizio ingurune horretan gustura eta eroso sentitu naizelako.

Aurrekoan, lagun bati folklorikoa eta tradizionala nintzela esan nion. Berak erantzun, tradizioari traizioa egitea dela jaso dugun eran kopiatzea edo/eta ez aldatzen saiatzea. Egia esan, mutu geratu nintzen, baina egun batzuetan zehar horri buruzko gogoeta egin ostean, atera dut ondorio bat.

Onartzen dut folklorea oso modu tradizionalean bizi izan dudala. Eta ez dut gezurrik esango. Esaterako, oso gustuko dut trikitixa tradizionala. Gure aitona-amonek entzuten zituzten fandango berberak jotzea eta dantzatzea. Nerabezaroan, irakasleek erakusten zizkidaten kantak eta pausoak, eta haiek egiten zutena kopiatzen nuen. Berdin jo, eta berdin dantzatu.

Baina pasatu dira urteak, eta sortu ditut neure abestiak. Batzuk kanta tradizionalen egitura berarekin. Besteak egitura arraroagoekin. Sortu ditut neure melodiak eta neure letrak. Jotzeko pieza errazak eta zailagoak.

Eta sortze prozesua bera tradizioari leial izatea dela jabetu naiz. Tradizioa aberasten delako. Ez delako jaso dugun eran soilik interpretatzen, eta aldatu egiten delako. Hau folkloreari soilik ez, gainontzeko esparru kultural guztiei ere aplika dakieke. Sustraiak berdinak izango dira, seguraski enborra bera ere bai. Baina zein polita kolore eta forma ezberdinetako loreak ernetzen ikustea.

Gogoratu; tradizioari traiziorik ez egitea izan daiteke datozenei ondare aberatsagoa uzteko modurik onena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide