Urola Bizirik taldeak 50 haritz landatu ditu, "protesta" gisa

Urola Bizirik natur taldeak 50 haritz landatu zituen atzo goizean Lasaoko malda batean, "ingurumenari egindako erasoa" eta "Kutxaren koherentzia eza" salatzeko asmoz.

Lasaoko mendi maldek eta gainek duela gutxira arte pinudi trinko, berde eta jarraia osatzen zuten. Baina denbora gutxian soildutako eremu bilakatu da, egin behar ez denaren eredu. Ingurumen arloan diharduten hainbat eragilek bertan egindako matarrasaren astakeria salatu izan dute. Aurreko urtean Europako Berdeen taldeko Thomas Weitz europarlamentariak ingurune hauek bisitatu eta ikusi zituenean euskaldunok gure ingurunea gorroto dugula dirudiela adierazi zuen. Ez da gutxi esatea. Eta hala da, ez direlako soilik pinu guztiak moztu, mendi erreken inguruan zeuden beste hainbat espezietako zuhaitz ugari ere bota dira.

Ez da ezer errespetatu. Matarrasa basatia izan da, 300 hektarea inguru estalkirik gabe utzi duena. Eta zuhaitzen desagertzea erabatekoa izateaz gainera, bertan ireki diren pistetatik jaisten diren ur azkarrek daramaten lur kantitatea ikaragarria da. Mendietako altxorrik preziatuenetakoa, lurra bera, urak eraman du. Gaur bertan errepidea amaitzen den tokian lokatza besterik ez dago, orkatilaraino. Zein erraz galdu dugun hainbat eta hainbat urteetan, ehunka edota milaka, eratu den lur geruza! Eta orain, lur hori guztia galduta, monolaborantza landaketa egiteko asmoa dago, berriro ere! Baina zer baliabide izango dute zuhaitz horiek urak jada onena berarekin eraman badu? Landare horiek ingurune horretako lurra agortu besterik ez dute egingo. Eta etorkizunean, zer? Hori al da gure herri honetan bere obra sozialaren lorpenak lau haizeetara zabaltzen dituen Kutxaren lana? Non dago obra sozialaren eta naturaren babesaren arteko oreka? Non Garapen Jasangarrirako Helburuen betekizuna? Honi jasangarria deitu geniezaioke?

Ingurumenari egindako eraso hori eta Kutxaren koherentzia eza salatzeko asmoz, gure taldeak landaketa aldarrikatzaile xume bat eraman du aurrera Lasaoko malda batean, bertako zuhaitz batzuk landatuz. Hain zuzen, 50 haritz landatu ditu taldeak, gure inguruneak babesa behar duelako; gure lurraldeak ezin duelako horrelako lur galerarik jasan; etorkizunean bertako baso zabalak ikusi nahi ditugulako eta ez eukaliptoz edo atzerriko espeziez jositako mendiak; ezinbestekoa da ingurumena beste begirada batekin ikustea. Ingurumena ez da gure etsaia eta ezin dugu gorrotatu. Alderantziz, gure ama da eta behar dugun guztia ematen digu. Zer ginateke bera gabe? Umezurtz koitadu batzuk besterik ez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide