Atzo, asteazkena, Urola Bizirik natur taldeko kideak eta Floreaga ikastetxeko DBH4 mailako neska-mutilak Juin auzoan hazita zeuden panpa-belarrak kentzen aritu ziren. Udal brigadako langileek gunea egokitu ondoren, landare inbaditzaile hori mozteko lanetan aritu ziren zenbait lagun.
Panpa-belarra oso moldakorra da eta askotariko ingurunetan eta klimatan haz daiteke. Gainera, hazi asko ekoizten ditu; izan ere, ale bakoitza milioi bat hazi ekoiztera irits daiteke bere bizitzan zehar. Euskal Herrian, nazioarteko beste zenbait lekutan bezala, landare inbaditzailetzat hartu da panpa-belarra. Beste zenbait lurraldetan, berriz, guztiz debekatuta dago landare hori saltzea eta landatzea.