Atzo, larunbata, Naturkon Gipuzkoako Natur Elkarteen Koordinadorak eta Lurgaia Fundazioak antolatutako hazien bilketa eta tailerra egin zuten Loiolan (Azpeitia). Inguruotako herritar ugarik parte hartu zuen tailerrean, eta besteak beste, basoen garrantzia eta horien egungo egoera zein den azpimarratu zituzten.
Lurgaia Fundazioaren helburuak entzun eta bestelako informazioa jaso ondoren, inguruko haritz kandudun –Quercus robur– zuhaitzen ezkurrak biltzen hasi zen Loiolan elkartu zen taldea. Urola Bizirik taldeko kideen arabera, aurten ezkur "ugari" eman dute zuhaitzek, eta atzo ez zuten "inongo arazorik" izan haziak jaso eta hurrengo haritz belaunaldi berriei hasiera emateko.
Lurgaia Fundazioa Gipuzkoan bere lehen urratsak ematen ari bada ere, Bizkaian indartsu errotuta dago eta Urdabaiko Biosfera Erreserban ari da sortzen une honetan Bizkaiko harizti misto handiena.