Uraren presio arazoak konponduko dituzte Floreagan, San Martinen eta Txalon Errekan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Udala 2015ko urr. 30a, 09:17

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak aurreko astean hasi zituen Floreaga auzoan uraren presioak ematen dituen arazoak konpontzeko lanak. Eta urtea amaitu aurretik San Martinen eta Txalon Errekan ere azpiegiturak hobetzeko lanak burutuko dituzte.

 

Ondorengo kaleetan ari dira lanak burutzen: Atxabaleta kalea 1, Izarraitz kalea 7, 8, 9 eta 11, eta Atanotarren plaza 1 eta 2 zenbakietan.

Obra hauekin azpiegiturak ere hobetuko dira fibrozementuzko hoditeria kendu eta fundiziozkoa jarriko baita. Ur hornikuntzako 190 metro kainu berritzen ari dira sare orokorrean eta beste 87 metro hartuneetan.

Inbertsio osoa 50.398 eurokoa da, alegia, Kontsortzioak Azkoitiko Udalarekin inbertsioetarako urteko konprometituta duen diru-kantitatearen %39. Izan ere, hitzartutakoaren arabea, 129.000 euro bideratzen ditu urtean Kontsortzioak Azkoitian inbertsioetara azpiegiturak hobetzeko.

Hurrengo hobekuntzak San Martinen eta Txalon Errekan

Urtea amaitu aurretik, Ur Kontsortzioak San Martingo eta Txalon Errekako azpiegiturak hobetzeko obrak gauzatuko ditu. Datorren astean hasiko dira lanak eta zaharkituta edo hondatuta dauden ur hodiak berritzea da helburua. 

Proiektuaren kostua 98.236 eurokoa da eta Mogel, Azpeitia eta Tolosa kaleetako 1, 2 eta 3 zenbakiei eragiten die eta baita Txalon Errekako auzo osoari ere.

San Martinen kasuan, fundiziozko hoditeri berria ipiniko da, Txalon Errekan, berriz, San Martindik datorren kainua kendu eta  Burdinoletatik heltzen den fundiziozko hoditik hornituko da ura auzora.

Esku-hartze honekin 625 metro kainu berrituko dira guztira gune hauetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide