Hori da pasa den asteko ostiralean Azkoitiko Elkargunean Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak partaideei adierazitakoa. Bertan izan ziren udal ordezkariak ere.
Hauek dira partaidetzazko aurrekontuen prozesuan aldaketak emateko Aldunditik ikusten dituzten arrazoi nagusiak: legitimitate eza partaide kopurua ahulegia delako eta proiektuak garatzeko bideratuko zela esan zen diru kopurua aurrekontuetan sartu ez izana.
Partaideek galdetu zioten Imanol Lasari alferrikako lana egin al duten zeren inoiz ez zietela esan dirurik ez zela egongo. "Ez dut halakorik esan. Ulertzen dut konpromiso politiko gisa hartuko zela". Aurreko legealdiko lehen hiru urteetan, akordio politikoa hitzartu zen partaidetza prozesu hau aurrera eramateko eta emandako hitza bete ahal izan zen. Azkenengoan, ordea, ez da alderdien arteko akordiorik egon.
Lasaren hitzetan, prozesua ez du "porrot gisa" ikusten, "ikasketa modura baizik". Hobetzeko aukera dagoela ikusi du Aldundiak eta horregatik beste modu batera kudeatuko ditu proiektuak. Dagoeneko proposatutakoak, guztiak, aintzat hartuko dituztela jakinarazi zuen baina banaka banaka aztertzen joango direla eta teknikoki soluzioak bilatzen eta erantzunak ematen. "Kasu batzuetan zehaztapen gehiago behar dugu, beste batzuk ohiko aurrekontuetan txerta daitezke, beste batzuk udal taldeekin adostu beharko ditugu… Aztertu eta beste modu batera garatuko ditugu".
Proposaturiko proiektuen artean zeintzuk egingo diren, noiz eta zenbat dirurekin erantzutea momentuz ezinezkoa egiten zaiola ere gehitu zuen.
Bilerara bost herritako eragileak deitu ziren, Zestoakoak, Errezilgoak, Beizamakoak, Azpeitikoak eta Azkoitikoak, alegia.