Urtero bezala, Ikastolaren Eguneko jaian hainbat ekintza izango dira Ikaskirolek antolatuta, eta bertan parte hartzeko ikasleek aurrez izena eman beharko dute. Goizeko 09:30etatik ikastolako txikienak atarian elkartuko dira beren gelakideekin batera eskulanetan, saskibaloian, futbolean, pilotan, atletismoan eta beste hamaika kiroletan lehiatzeko. Izerdia atera ondoren, guztiak batera ikastolako aretoan egingo den bazkarian bilduko dira. Bazkariko txartelak eskuratzeko azken eguna bihar, asteartea, izango da 12 eurotan. Menua honako hau izango da: paella, oilasko errea, postrea, kafea eta edariak. Bazkalostean, berriz, Imuntzo eta Belokirekin erromeria izango da.
Bestalde, ikastolan bertan taberna jarriko dute guraso elkarteko kideek, eta goizean zehar hamaiketakoa egin nahi duten guztientzat zabalik izango da txosna. Aurten gainera txikienentzako puzgarriak egongo dira umeen gozagarri.
Sudaderak salgai, ikastolaren 50. urteurrenean
Xabier Munibek 50 urte beteko ditu datorren ikasturtean. Hori dela eta, urteurrenerako aukeratu den irudi berriarekin jertseak egin dituzte, ikastolari eta festa handi horri ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Zapatuko Ikastolako Jaian eskuragarri egongo dira jertseak 20 eurotan, ikastolako atarian.