Antzerkigintzak badu etorkizuna Azkoitian eta horren erakusle dira antzerki eskolan dabiltzan ia 70 ikasleak. Ikasturte osoan zehar hainbat ariketa egiten dituzte. Horrez gain, obra bat ere prestatzen dute eta maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean erakutsiko dituzte egindako lanak. Ostiraleko emanaldiak ikastolako umeei eskainiko dizkiete. Aurten, estreinakoz, herritarrei zabaldutako emanaldia izango da ekainaren 1ean, 11:00etan. Sarrera doakoa izango da, eta bertaratzen direnak 6 obra laburrez gozatzeko aukera izango dute:
- Azkoitiko historia.
- Azken minutuak.
- Fidelinoen itzulera.
- Scape room.
- Hegan.
- 666 gela.
Ordu eta erdi iraungo du ekitaldiak eta herriko artista txikiak ikustera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Antzerkiko irakasle lanetan Idoia Aginagalde, Arantxa Areizaga, Enara Arozena, Xabier Barquero eta Iosune Garmendia aritu dira. Azken urteetan antzerki eskola arrakasta handia izaten ari dela uste dute, zifrak goraka baitoaz etengabe. Duela zortzi urte hartu zuen Bigoterik Gabea Antzerki taldeak antzerki eskolaren ardura ia 25 ikaslerekin, eta urtez urte gero eta ume gehiago izan dituzte. Urte horien balantze oso positiboa egiten dute taldeko kideek. Urtero izaten dituzte aldaketak eta berrikuntzak, eta herritarrak umeen sormen gaitasunaz jabetzeko egingo dute emanaldi irekia. Antzerki taldeak sorreratik izan du antzerkigintzarako zaletasuna bultzatzea helburu, eta apurka-apurka zerbait lortzen ari direla uste dute.