Gurasoei zuzendutako hitzaldia asteartean Elkargunean: 'Bideojokoak eta jokoak sarean'

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gurasoei zuzendutako hirugarren hitzaldia antolatu du Udaberri Guraso Elkarteak. Martxoaren 20an, asteartea, izango dira solasaldiak, Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:00etatik 20:00era. Hitzaldian Bideojokoak eta jokoak sarean gaia jorratuko dute, Baikarako formazio taldeko gizarte-pedagogoaren eskutik. Besteak beste, guraso kontrolari buruz mintzatuko da hizlaria biharko hitzaldian.

 

Bideojokoak eta jokoak sarean lemapean, gaur egun seme-alabek gehien ezagutzen dituzten bideojokoak ezagutu eta horiek izan ditzaketen arriskuak identifikatuko dituzte, familiatik zein muga jarri behar diren argitu ahal izateko.

Bestalde, guraso kontrola ezaugarri bereziki erabilgarria da gurasoek beraien umeak webgune desegokiak ikus ez ditzaten. Izan ere, haurrak eta nerabeak gero eta lehenago hasten dira Internet erabiltzen, ordenagailu nahiz telefono mugikor bidez. Kontrolatu egin behar da erabilpen hori? Zeintzuk dira erabilpena kontrolatzeko aplikazioak? Gai horren inguruan luze eta zabal hitz egingo du bihar hizlari adituak.

Jarraituko den metodologia aktiboa izango da, elkarrekin esperientziak partekatuz gauzatuko da. Hitzaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu dute guraso elkartetik, eta jakinarazi dute izena ematea ez dela beharrezkoa izango.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide