Duela urte batzuk, dozena bat urte izango dira dagoeneko, emakume talde bat elkarrekin korrika egiteko elkartu ginen. Korrikaldi horietako batean guztion artean lasterketa solidario bat antolatzeko ideia sortu zen. Herriari nolabaiteko ekarpena egin nahi genion, zerbaitetan lagundu, zenbait gairekiko sentsibilizazioan bada ere. Horrela antolatu genuen 2015ean bularreko minbizia ikustarazteko I. Lasterketa Solidarioa. Bildutako dirua Katxalin elkarteari eman genion.
Bi urtetik behin antolatzea erabaki genuen, eta geroztik, gai desberdinak ikustarazteko lasterketak egin izan ditugu, hala nola haurren minbizia, aniztasun funtzionala (orduz geroztik lasterketak solidario eta inklusiboak dira), parkinsona eta esklerosi anizkoitza.
Aurten, alzheimerra hartu dugu gaitzat. Gaixotasun hori pairatzen dutenen eta beraien familien bizipenetan jarri nahi dugu arreta, gaitzaren inguruko xehetasunak ezagutarazi, tratamenduen zein laguntzen informazioa eman eta egiten ari diren ikerketen bidez itxaropen argi bat piztu.
Egitasmo horren helburua da ahalik eta diru gehien biltzea eta bildutako guztia Cita-Alzheimer fundazioari ematea. Irabazi asmorik gabeko fundazio horrek ikerketa eta terapia aurreratuak baliatzen ditu, diziplina anitzeko profesional taldea bilduz gaixotasunari ikerketatik, laguntzatik, formakuntzatik eta sentsibilizaziotik heltzeko.
Irailaren 21ean alzheimerraren nazioarteko eguna ospatzen dela eta, gure ekitaldiak orduan hasiko ditugu; izan ere, aurtengo aldi hau ez da bakarrik lasterketa egunera mugatuko.
Irailaren 21ean 17:30ean Azkoitiko oroimenen pasealekua izeneko erakusketa zabalduko dugu Portaleburu aretoan. Cita-Alzheimer erakundeak prestatu duen erakusketan oroimenak duen garrantzia azpimarratuko dugu, Azkoitiko historiari errepasoa eginez. Era berean, alzheimer gaixotasunaren xehetasunak ezagutaraztea da helburua. Erakusketak zati interaktibo bat ere badu, bisitariei esku hartzeko aukera eskainiz. Guztiok gonbidatuta zaudete!
