Gu

Behar adina puskatutako prakek agerian uzten dute ondo brontzeatutako azala. Kostaldean egindako ametsetako oporren erakusle fidela. Paradisua bera den irlako palmondo baten gerizpea, harea zuri fina eta ametsetako gosaria. Dena ondo enfokatuta, filtroek eguraldi grisa ondo eguzkitu dezaten. Orain bai, ahaztu aurretik, klik eta sarera. Zoriontsu gara.

Eta jakina ez dela erraza paradisu honetako taberna berrian sartzea, baina hemen gaude, VIPerako paseek jende arruntarengandik bereizten gaituztelarik. Orain, lore sorta konplexuenaren pareko dekorazioa duen koktela edan aurretik, Ileak atondu, klik eta sarera. Zoriontasunaren barometroa den erakusleihora. Esklusiboak gara.

Ondo merezitako juergatxoa izan dela agerian da gure betebeharren konplexutasuna ederki erakutsi dugunez urte guztian. Gaueko hamabiak jota, azterketa bezpera, edari energetikoak eta boligrafo mordoxka bat mahai gainean txukun, tamainaren arabera eta koloreka sailkatuta. #WorkHard #NoTimeToLose #UniversityIsLike. Klik eta Sarera. Ez dadila inor nire ikasketak edo lana zeinen zailak diren jakin gabe gelditu. Arrakasta gara.

Hausturak ondo ezkutatuta beti. Zoriontsu, esklusibo, arrakastatsu, kulturzale, eskuzabal, kirolzale eta maiteminduak gara gu. Nortasunaren maximoa den positibismo neurrigabea. Postaleko bizitza desiragarriak. Erpinik gabeko nortasun kolektiboa.

Bada, ordea, ahaztu zaigunik ere.

Ahaztu dugu pasioa. Iritzien kontra eta korronteari aurre eginez arriskatzearen ederra. Irabazi edo galdu axola gabe dena emateak, borroka egiteak eta indarrik gabe ere aurrera jarraitzeak uzten duen sentsazioa.

Ahaztu ditugu xehetasunak. Gauza txiki eta iheskorren balioa. Zentzumenak pizten dituzten haiek. Keinu konplize bat, irribarre bat, oilo ipurdia edo aspaldian hartu ez dugun usain horrek tokitik mugitu gabe eragin digun bidaia.

Ahaztu ditugu hutsegiteak. Erortzean ikasten den guztia eta behean egoteak ematen duen umiltasuna. Erori ondoren puskatuta eta hutsik ikusten dugu geure burua, hautsa garbitu eta aurrean agertzen zaizkigun eraikitzeko aukera guztietan erreparatu beharrean.

Ahaztu dugu esfortzua. Nekeak helmugari gehitzen dion balioa. Kexak alde batera besteei gure bizia erakusten indarrak inbertitu beharrean aurrera jarraitzen zentratzea. Akatsen errua patuari edo besteei leporatu ordez arazoei aurre egiteak ematen duen asebetea.

Ahaztu ditugu beldurra, eskuzabaltasuna, negarrak, dudak, tristurak eta zilegi bezain natural diren nortasunaren hainbat ñabardura.

Ahaztu gara protagonistez. Gu. Bakoitza bere erpinekin. Bakarrak gara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide