Etxetik alde egin nuen hartan irten ez banintz, agian ez nintzen inoiz irtengo; ez nuen beste aukerarik, ezer gabe atera nintzen. Handik joan nintzen, dena han utzita. Ostiral batez alde egin nuen, nire umea asteburu pasarako zihoan ostiral batean. Zubia zetorren, asteburu luzea aurretik, beraz, banekien etxe hartan geratuz gero, haserrea izango zela nagusi. Eta pentsatze hutsak beldurra eta etsipena eragiten zidan, eta amaren etxera alde egin nuen.
Erabaki hori hartzera iritsi aurretik, gauza asko pasatu ziren: urte asko, buru jan asko, eta pixkanaka, dena kentzen joan zitzaidan. Nire etxera bizitzera etorri zen, eta hortik aurrera… Nire familiarekin harremana moztu nuen, lagunak galdu nituen, ez zidan uzten umearen eskolako inorekin hitz egiten. Pertsona bezala deuseztatu egin ninduen, eta tratu txar fisiko zein psikologikoak jasan nituen azalean.
Behin, nire amaren etxean nintzenean, amari esan nion anai-arrebekin hitz egiteko beharra, gertatzen ari zitzaidan guztia kontatzeko beharra nuelako. Beraiek ez zekiten ezer, nire gauzak niretzat gordetzekoa izan naiz beti, eta pentsatzen zuten besterik gabe joan nintzela haiekin harremana mozten.
Nik ez nuen nahi bere aurkako salaketa jartzerik, ez diot ezer txarrik opa. Azkenean, familiak konbentzitu egin ninduen.
Salaketa jartzera joan nintzenean, ertzainak galdetu zidan ea egoera hori hainbeste denboran nola jasan nuen. Maite nuelako zela erantzun nion nik, eta jada konturatu nintzela ezin nuela gehiago jasan egoera hori. Nire umea egoera hartatik pasatzerik ez nuen nahi, baina bera bikotearen jarrerak errepikatzen hasia zen; oihuka eta modu desatseginean hitz egiten zidan. Hori ikusten duzunean, erabakia hartu behar duzulea ohartzen zara, eta orduan pentsatu nuen handik irten egin behar nuela.
Salaketa jarri eta ertzainei tratu txar fisiko zein psikologikoak urte luzez jasan nituela kontatu ondoren, epaiketa azkar bat izan genuen, baina erasotzaileari urruntze agindu bat besterik ez zioten ezarri. Askotan urratu zuen urruntze agindua. Epaiketa hartan, beste neska baten zati bat ere egon zen. Neska horrek ikusi zuen nire bikoteak kalean nola jo ninduen. Orduan, Ertzaintzari deitu zion neskak, baina haiek etorri zirenean, ezer ez zela gertatu esan nien.
Aurrez esan bezala, urruntze agindua askotan urratu du; urruntze agindua urratu zuela salatzera joan nintzen lehen aldian, ertzain etxera sartu eta identifikatu egin ninduten, eta handik aurrera, tratua oso hotza izan zen. Ertzainak eskatu zidan aurretik jasan nuen egoera azal nezan, eta erantzun nion salatu nuen egunean azaldu nuela hori. Niretzat oso gogorra zen guztia behin eta berriz adieraztea eta bizitzea. Ertzainek zainduko nindutela esaten zidaten beti, baina ez zen hala izan.
Bigarren salaketa egitera joan nintzenean, frogak eraman nituen, baina ez zidaten erakusteko eskatu ere egin; kontatzen niena idaztera mugatu ziren, eraman nituen frogetan interesik jarri gabe.
Bigarren salaketa horren epaiketa izan dut jada, ez zen batere xamurra izan. Oso urduri nengoen egun horretan, bera ikusteko beldur nintzen, eta hala izan zen; antza denez, epaitegian urruntze aginduak ez du baliorik.
Epaitegiko ateak zabaldu aurretik, sarreran bertan topo egin genuen berarekin, eta barrura sartzean, NANa erakusteko orduan ere nire atzean zegoen. Pentsa horrek nigan izan zuen eragina, gorputz guztira zabaldu zitzaidan beldurra. Behin epaitegi barruan, epaiketaren aretora sartu bitartean, gela txiki batean eduki ninduten. Ez nintzen ausartu handik ateratzen, ezta komunera joateko ere; bera han kanpoan zebilen, lasai.
Epaiketa gelan, eskerrak ni laguntzera etorri zirenei bururatu zitzaiela bionboa jartzea. Hala izan ez balitz, nire erasotzaileari gertutik aurpegia ikusiz eman beharko nituen azalpenak, eta hori ezinezkoa zitzaidan, beldurturik nengoen.
Epaiketara lagundu ninduen abokatua ere nire poltsikotik ordaindu behar izan nuen. Hasieran egokitu zitzadan ofiziozko abokatuarekin arazoak izan nituen; laguntza eske deitu nion bigarren aldian, esaterako, esan zidan jasotzen zuen diruarengatik ez zela gehiegi nekatuko nire kasuan.
Orain dela bi urte jarri nuen lehen salaketa, eta oraindik epaiketen zain nago.
Gaur egun, beldurtuta sentitzen naiz, eta babesik gabe jarraitzen dut.