Ikasturtean zehar landutako antzezlanak eskainiko dituzte 29. Antzerki Topaketetan

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako HLHIko Udaberri guraso elkarteak antolatutako 29. Antzerki Topaketak egingo dituzte igandean, Baztartxo antzokian. 17:00etan hasiko da ekitaldia, eta sarrera doakoa izango da.

Antzerkigintzak badu etorkizuna Azkoitian, eta horren erakusle dira antzerki eskolan dabiltzan ia 40 ikasleak. Ikasturte osoan zehar hainbat ariketa egin dituzte eta obra bat ere prestatu dute. Ekainaren 3an, ostirala, eta ekainaren 5ean, igandea, jendaurrean erakutsiko dituzte urtean zehar egindako lanak. Ostiraleko emanaldiak ikastolako umeei eskainiko dizkiete. Igandekoa, ekainak 5, izango da herritarrei zabaldutako emanaldia, eta 17:00etan hasiko da ekitaldia. Sarrera doakoa izango da, eta bertaratzen direnak bost obra labur ikusteko aukera izango dute:

  • Ametsak errealitate bihurtzear lana
  • Musikarekin pozik lana
  • Kobazuloan barrena lana
  • Non dago motorra? lana
  • Plan perfektua lana

Bi ordu inguru iraungo du ekitaldiak, eta Bigoterik Gabea antzerki taldeak lanak ikustera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Antzerki taldeak horrelako ekitaldi ireki bat antolatzen duen bigarren aldia da, eta herritarrek artista txikienen gaitasunak ikusteko aukera izango dute. Helburu garbia du antzerki taldeak: kultur zaletasuna bultzatzea. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da herriko txikienak ahalduntzea. Bost obrak ikusi nahi dituen orok doan eskuratu ahalko ditu sarrerak Baztartxon.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide