Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko kultur sektorea elkartu zuen astelehenean, hilak 23, IV. Kultura Gauean. Besteak beste, artistek eta sortzaileek urtean zehar egin dutenaren balantzea egiteko antolatzen du ekitaldia aldundiak, eta han izan ziren K-baret antzezlaneko kideak ere.
K-bareteko kideen arabera, Tabakaleran egindako topaketa baliagarria izan zen sektoreari eskerrak emateko "Gipuzkoaren garapenari" egindako ekarpenagatik, baita jendaurrean aurten izan diren lorpenak aitortzeko ere. Haien arabera, lorpen horiek erakusten dute zein garrantzitsuak diren kultura eta artea Gipuzkoan.
Xabier Barquero K-bareteko zuzendaria eta Ainhize Azpiazu koreografoa taldea ordezkatzen izan ziren bertan: "Sektoreko gainerako kideekin ideiak partekatzeko tartetxo bat izan genuen. Kultur ahaldunaren eskutik Foru Aldundiak dituen proiektu berriak ezagutzeko aukera ere izan genuen, eta batzuk oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun taldearentzat. Asko eskertu behar diegu horrelako ekitaldi garrantzitsu batera gonbidatu izana", adierazi dute K-bareteko kideek.