Erresistentzia antolatu, gaztetxeak defendatu

Erabiltzailearen aurpegia Rina Cabeza

Hainbat gazte, eraikina okupatu zuten egunean. (Guka)

Rina Cabezak honako iritzi artikulua idatzi du zapatuan Azkoitiko Gaztetxean egingo duten Elkartasun Jaialdiaren harira: 'Erresistentzia antolatu, gaztetxeak defendatu'.

Zazpi urte inguruko ibilbidearen ondoren, martxoan Azkoitiko Gaztetxea ireki genuen. Urteak generamatzan gazteontzako espazio propio baten beharra aldarrikatzen, eta, azkenean, urrats hori egitea lortu genuen, Julio Urkixo etorbideko Lidl zaharraren eraikinean. Niretzat, lorpen garrantzitsua da, baina ez soilik urte hauetan guztietan egindako lanaren emaitza delako. Gaztetxea izatea gazteok gure kabuz antolatzeko, gure ideiak garatzeko eta herrian eragiteko espazio bat izatea da.

Izan ere, gaztetxea ez da aisialdirako edo kultur jarduerak antolatzeko toki hutsa. Horiek ere badira, noski, baina espazio horien garrantzia ez da hor amaitzen. Gaztetxeak politika egiteko espazioak dira: gure bizi-baldintzei buruz eztabaidatzeko, gizartea ulertzeko nahiz eraldatzeko proposamenak garatzeko eta langileon interesen defentsan antolatzeko guneak. Horregatik, gaztetxe bat defendatzea ez da eraikin bat defendatzea soilik; bertan garatzen den jardun politikoa eta antolatzeko aukera defendatzea ere bada.

Gaur egun, etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa eta lan prekarietateak gure bizitzak baldintzatzen dituen honetan, ezinbestekoa da gure beharrak asetzeko eta gure kabuz jarduteko espazioak izatea. Baina ez hori bakarrik: gizarte kapitalistak ezartzen dizkigun harremanetatik harago, bestelako harremanak eta antolakuntza moduak garatzeko aukera ere ematen digute gaztetxeek. Gaztetxea ez da berez helburu bat; gure antolakuntza politikoa garatzeko eta indartzeko bitartekoa baizik.

Horregatik, Azkoitiko Gaztetxearen inguruko auzia ezin da eraikin baten erabilerara mugatu. Zazpi urte inguruko ibilbidearen ondoren ireki genuen, gazteontzako espazio baten beharrari erantzuteko. Orain, ordea, espazioa egokitzea, jarduerak antolatzea, gastuei aurre egitea eta haren etorkizuna bermatzea dagokigu. Gaztetxea irekitzea lorpena izan da, baina haren jardunari eustea eta bertan garatzen den proiektu politikoa indartzea etengabeko lana da.

Eta hor kokatu behar da Defentsa Komunitatearen garrantzia. Euskal Herrian, gaztetxeek eta langileen kontrolpeko beste espazio batzuek hainbat oztopo dituzte aurrean: isunak, prozesu judizialen gastuak, kaleratze mehatxuak, deslegitimazio saiakerak eta espazioak mantentzeko zailtasun ekonomikoak. Horiek ez dira eraikin baten erabilerari buruzko arazo tekniko hutsak. Espazio horietan garatzen den jardun politikoari eta antolakuntza gaitasunari ere eragiten diote.

Espazioen defentsa ezin da unean uneko arazoei banaka erantzutera mugatu. Beharrezkoa da espazioen arteko babes sare iraunkorra eraikitzea, erasoei erantzuteko eta espazioak mantentzeko gaitasuna metatzeko. Hain justu, Defentsa Komunitatearen ideia hori da: gaztetxe bakoitzak bere egoerari aurre egin behar badio ere, defentsa ez dadila bakoitzaren indarren araberakoa izan. Helburua da espazioen arteko loturak, konpromisoak eta antolakuntza egonkorrak eraikitzea.

Baina defentsak ez du esan nahi espazioa mantentzera mugatu behar soilik. Espazio bat defendatzeak bertan garatzen den jarduna bermatzea ere esan nahi du: jarduerak antolatu ahal izatea, eraikina mantentzea, baliabideak izatea eta bertan politika egiten jarraitzeko baldintzak sortzea. Horregatik, espazioen gaineko kontrola ez da izen edo egoera formal batera mugatzen; behar da espazio horiek benetan erabiltzeko, kudeatzeko eta egonkortzeko gaitasuna ere.

Zehazki, horixe da Erresistentzia Kutxaren funtzioa. Erresistentzia Kutxak langileen kontrolpeko espazioak eskuratzeko, mantentzeko eta indartzeko baliabideak biltzen ditu, eta isunen, gastu judizialen eta bestelako eraso ekonomikoen aurrean erantzuteko aukera ematen du. Dirua biltzea ez da helburu isolatu bat: espazio horien defentsarako eta bertan garatzen den jardun politikoaren jarraipenerako tresna da. Izan ere, espazio bat ekonomikoki ahultzen denean, haren eguneroko jarduna eta etorkizuna ere arriskuan jar daitezke.

Horregatik dira garrantzitsuak Erresistentzia Kutxa hornitzeko antolatzen diren Elkartasun Jaialdiak. Baliabide ekonomikoak biltzeko aukera izateaz gain, espazioen arteko elkartasuna antolatzeko eta defentsaren beharra herriz herri zabaltzeko balio dute. Ez dira ekimen soilak, espazio horiek aurrera ateratzeko eta haien defentsarako mekanismoak indartzeko prozesu baten parte baizik.

Eta urriaren 31n Azkoitiko Gaztetxean egingo dugun Elkartasun Jaialdia horren barruan kokatu behar da. Boxeo entrenamendua, gaztetxeen aldeko borrokaren hitzaldia, bermut musikatua, bazkaria, Kahoot gaztetxeroa eta bertso poteoa izango ditugu egun osoan zehar. Elkartzeko eta ondo pasatzeko aukera emango digu egitarauak, baina helburu zehatz bat ere badu: Erresistentzia Kutxa hornitzea eta langileen kontrolpeko espazioen defentsa indartzea.

Azkoitiko Gaztetxea ireki genuen, baina haren aldeko lana ez da amaitu. Ezinbestekoa da gaztetxea bizirik mantentzea, bertan politika egiten jarraitzea eta gure antolakuntza indartzea. Eta gauza bera gertatzen da Euskal Herriko beste gaztetxe eta langile kontrolpeko espazioekin ere. Horien defentsa ez da bakoitzaren arazo partikularra, gure jardun politikoak aurrera egin ahal izateko behar dugun baldintzetako bat baizik.

Horregatik, urriaren 31ko jaialdian parte hartzera eta norberak ahal duen ekarpena egitera animatzen dut herritarra. Erresistentzia Kutxa indartzea gure espazioak defendatzeko eta bertan garatzen dugun jardun politikoari eusteko modu bat da.

Erresistentzia Kutxa hornitu! Langile kontrolpeko espazioak aurrera!

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide