Euskara borrokan bizi da

Erabiltzailearen aurpegia Rina Cabeza 2026ko martxoaren 25a

Rina Cabezak euskararen egoerari buruz idatzi duen iritzi artikulua da honako hau: 'Euskara borrokan bizi da'.

Euskara borrokan bizi dela esatea ez da edonolako esaldia. Azken batean, gaur egungo egoerari begiratuta, nahiko agerikoa da: euskara ez dago egoera neutral batean, etengabeko presioan baizik. Hizkuntza minorizatua da, eta hori ez da soilik lege kontu bat; egunerokoan ikusten da. Lanean, kalean edo aisialdian, askotan, errazagoa da gaztelaniara edo frantsesera jotzea, eta horrek erakusten du zein baldintzatan bizi den euskara gaur egun.

Baina ideia horrek badu beste ikuspegi bat ere: euskara ez da bakarrik borrokan bizi, borrokari esker bizi da. Historikoki hala izan da. Ez da bere kasa mantendu den hizkuntza bat; atzean egon dira jendea, antolakuntza eta borondate politikoa. Euskalgintzak eta mugimendu sozialek egindako lanari esker eutsi dio euskarak, eta horrek erakusten du hizkuntza baten biziraupena ez dela neutroa, baldintza sozialei nahiz politikoei lotutakoa baizik.

Gainera, garai batean lotura hori nahiko argia zen. 60ko hamarkadatik aurrera euskarak izan zuen biziberritzea ez zen izan isolatutako fenomenoa, bestelako borroka sozialekin gurutzatu zen: langile mugimenduak, gazte mugimenduak eta bestelako espazio politizatuek euskararen aldeko apustua egin zuten. Horrek indarra eman zion hizkuntzari, eta, neurri batean, balio du gaur egun dugun egoera ulertzeko ere. Orain, ordea, badirudi lotura hori ahulagoa dela, edo, gutxienez, ez dela hain esplizitua.

Horregatik, agian eztabaida ez da "euskaraz gehiago egin behar dugu" esatea bakarrik. Kontua da zein baldintzatan egiten dugun hori. Euskara ez bada bizitzako esparru guztietan erabiltzeko aukera erreal bat, eta ez bada proiektu sozial zabalago baten barruan kokatzen, azaleko zerbait bihurtzeko arriskua du. Azkenean, badirudi argi dagoela: euskara bizirik mantentzeko, borroka ere bizirik mantendu beharko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide