Polizia sistema kapitalistaren segurtasuna bermatzeko instituzio espezializatua da. Sistema kapitalista eta Polizia ezin dira bi gauza desberdin bezala ulertu. Polizia ez baita bizikidetza ahalbidetzen duen figura neutral bat, baizik eta klase banaketa betikotzen duen sistemaren beso armatua. Ez da herritarron segurtasuna bermatzeko instituzio bat; horrela balitz, miseria, gerra eta zapalkuntza sortzen eta betikotzen dituzten horien aurka arituko litzateke, eta ez langileriaren aurka. Proposatzen al du horrelakorik alderdi instituzionalen batek? Nik erantzuna garbi daukat.
Alderdi batzuek polizia autoritarioagoa eta bortitzagoa nahi dute, besteek ordea, demokratikoagoa eta gertukoagoa. Hala ere, biek funtzio berbera beteko lukete, sistema kapitalistaren beso armatua izatea. Nahiz eta ñabardura txikietan bereizten diren alderdien proposamenak, auzi handietan bat egiten dute. Guztiek berdina defendatzen baitute funtsean, handien mesederako eta betikoen kalterako. Beraz, bai, sozialismoa ala basakeria.