Antolatzea da gelditzen zaiguna

Erabiltzailearen aurpegia Rina Cabeza 2023ko eka. 22a, 09:03

Rina Cabezak maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Antolatzea da gelditzen zaiguna'.

2023a hasi genuenetik pasatu dira hainbat hilabete jada, baina hor jarraitzen dute prezioen gorakadek eta biharamunaren beldurrek. Inflazioa %15 igo da gutxi-gorabehera pandemiaren garaitik, eta jaisteko asmo handirik ez zaio ikusten. Guztia igotzen ari den honetan, gure bizi eredua pobretzen doa, hori da langile klasearen errealitatea egun.

Nahiz eta langileok oinarrizko produktuak erosteko zailtasunak izan, enpresarien irabaziak ez doaz behera; kontrara, goranzko joeran jarraitzen dute. Ogi apurrak kudeatzen jarraitzen dute, ordea, politikariek; konponbide erreal bat eman beharrean miseria gestionatzea da horien estrategia. Argi dago gaur egungo alderdi politikoek ez dutela egungo sistema kapitalista gainditu eta ez dutela zapalkuntzarik gabeko sistema bat eraikitzeko premisarik.

Horregatik, gure egunerokotasuna definitzen duen ofentsiba borrokatu behar dugu bere tranpan erori gabe. Horretara datoz instituzioetatik at antolatzen diren hainbat antolakunde, ofentsiba politikoaren aurka eta zapalkuntzekin amaituko duen gizarte bat eraikitzera bidean antolatzea baita gelditzen zaiguna. Miseria honekin guztiarekin amaitzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide