Egun bizi dugun testuinguruari erreparatuta, inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zait ikasleok ikastetxeetan antolatzea, esfera ezberdinetan langileriaren baldintzak defendatzeko eta langileriaren kontrola areagotzeko. Hezkuntza arloan, beraz, ikasle langileon defentsa egin beharra daukagu.
COVID-19ak utzitako koiuntura honek, krisi kapitalistaren ondorioak areagotu ditu: pobrezia, neurri juridiko gogorrak, berme sanitarioaren falta... Horrek guztiak hezkuntzan zuzenean eragin du; hezkuntzan digitalizazio prozesu bat gertatzen ari da. Konfinamendua tarteko, aurrez aurreko eskolak telematikoak izatera pasatu ziren, eta horrek langile familia askoren seme-alabei hezkuntza duin bat izatea zaildu zien. Izan ere, ikasle askok ezin izan zituzten eskolak modu telematikoan jarraitu (Interneterako sarbide egoki baten faltagatik, ordenagailu gabeziagatik...).
Hezkuntzan, bizi dugun egoeran eman diren erreformak ez dira gure mesederako egin: kontrol soziala areagotu egin da, institutuetan berme sanitario falta dago... Horregatik guztiagatik inoiz baino beharrezkoa iruditzen zait ikasleok batzearen beharra. Guztiok batera egingo baitiogu aurre egoera latz honi.