Ezer baino lehen, Joseba Intxausti gizabanakoak nigan utzitako arrasto atsegin eta begirunezkoa gogoratu nahi nuke. Hiruzpalau aldiz izan naiz haren Donostiako Berioko etxean, eta beti irribarrez eta abegi onez hartu izan nau. Euskarazko kultur gaiak izan ohi genituen mintzagai. Hasiera batean, iragan mendeko 50eko hamarkadan, Guatemalan abiatu eta Baionan amaitu zen Euzko-Gogoa-z, Jokin Zaitegiz, Andima Ibinagabeitiaz, Orixez...; eta aurrerago, Katalunia eta Euskal Herriko kultur giro ezberdinaz —ondo ezagutzen zuen Kataluniako kultur giroa, Historia han ikasi zuenez—, gurearen ahuleziaz katalanarekiko.
Gogoan dut ikustaldi horietako batean nola liburutegia ikustera gonbidatu ninduen, eta nola txunditurik geratu nintzen: bi mila liburu inguru, esan zidanez, oso txukun antolatuak eta paratuak etxearen beheko sotoan. Esan nion inbidia ematen zidala. Irribarre egin zidan!
Batez ere euskararen historia soziala eta Euskal Herriko elizaren historia izan ditu aztergai. Baina nik baino hobeto beste hainbat lagunek azalduko dute haren kultur lanaren berri. 50eko hamarkadaz tesia egin nuenean, honela idatzi nuen Josebaz: «Gurean, erabat harturik, iragan mendeko 60ko hamarkadaren distirak itzali egin du 50eko hamarkadako literatur ekoizpena. Hamarkada haren garrantzia begiz jotzen aurrendari Joseba Intxausti izan genuen. 70eko hamarkadaren amaiera aldera bi artikulu esanguratsu idatzi baitzituen Euzko-Gogoa aldizkariaz, eta hori lehen mugarria jartzea bezala izan zen hamarkada haren berreskurapenean».
Jakin aldizkaria Euzko-Gogoa-ren uberan jaio zen 1956an, euskara hutsezko lehen kultur-aldizkari haren segidan bezala, baina Joseba Intxaustik biraketa funtsezkoa eman zion 1958tik 1964ra —Txillardegik-eta eraginda, besteak beste—, zuzendari izan zen garaian —irakur bedi Josebaren Jakin (1956), aurreko eta berehalako testuinguruan—; eta, bestalde, Joxe Azurmendi euskaltzaletzeko puntuan pertsona giltzarria izan genuen, Joxek berak kontatu izan duenez.
Ezin ahaztu halaber, euskara berritu eta mundu modernora egokitzeko helburuz sorturiko UZEIren sortzailea izan zela.
Azkenengo aldiz Hernanin ikusi nuen, Armeniari buruzko hitzaldi bat egitera etorri zenean Biteri kultur-etxera. Andrea zuen armeniarra. Hainbat jakingarri eman zizkigun armeniar herri zafratuaz.
Doluminak ematen dizkiet bihotz-bihotzez andreari, eta ahaideei, eta bizirik gaudenok Jakin webgunean dugu aukera hark utzi digun ondareaz (500 dokumentutik gora) jabetzen eta baliatzen joateko. Milesker Joseba!
Goian bego!
Osorik irakurri
Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide