Julen Etxaniz Oteiza pilota elkarteko pilotari azkoitiarrak bi final jokatuko ditu asteburuan. Bihar, zapatua, Munitibarko (Bizkaia) II. Lacturale Txapelketaren finala jokatuko du, eta etzi, igandea, Sopelako (Bizkaia) VI. Baserria Km0 Txapelketarena. Bi egunetan Artetxe bikote duela arituko da Oteizako pilotaria.
Bihar, 18:00etan hasiko dira txapelketaren finalak, eta Etxaniz-Artetxe bikoteak Salaberria anaien aurka neurtuko dituzte indarrak gazte mailako finalean; arratsaldeko bigarren finala jokatuko dute haiek. Igandean, bestalde, 09:30ean jokatuko dute finala –jaialdiko bosgarrena izango da Etxanizena–. Bigarren egunez jarraian, Salaberria anaiak izango dituzte aurkari Etxanizek eta Artetxek.
Igandean finalak, Gurean
Bestalde, igande goizean, Negua Txapelketaren kadete, gazte eta nagusi mailako finalak jokatuko dituzte Azkoitiko Gurean, 10:30ean hasita. Eskuz binakako hiru final ikusteko aukera izango da han: kadete mailan, Oiarpe eta Aizkorpe elkarteetako pilotarien arteko dema izango da; gazte mailan, Azkoitiko Oteiza elkarteko Ioritz Arsuaga- Imanol Bastida bikoteak Oiarpeko bikote baten aurka jokatuko du, eta nagusien mailan, EPLE elkartekoak Aloña Mendikoen aurka.