Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du Iñaki Azkoitiak Gipuzkoako selekzioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Oteiza pilota elkartea 2025ko urr. 9a, 12:48

Azkoitia, kamiseta zuriarekin, ezkerreko lehena. (GEPF)

Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du etzi, zapatua, Oteiza elkarteko pilotari azkoitiarrak. Gipuzkoako selekzioarekin arituko da Azkoitia, eta Bizkaia izango du arerio bere taldeak. Senperen (Lapurdi) jokatuko dute finala.

Gipuzkoako esku pilota selekzioak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du, larunbatean. Iñaki Azkoitia Oteiza pilota kirol elkarteko pilotari azkoitiarra da Gipuzkoako selekzio horretako kideetako bat, eta hark txapelketagatik egingo du borroka etzi, 11:00etan, Senperen (Lapurdi). Bizkaia izango du aurkari Gipuzkoak finalean.

Euskal Herriko zortzi talde lehiatu dira aurtengo Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketan, bi multzotan banatuta: A multzoan aritu dira Gipuzkoa 2 –talde honetako kidea izan da Azkoitia–, Bizkaia 1, Iparralde 1-Itsasuarrak eta Bizkaia 3, eta B multzoan, Gipuzkoa 1, Bizkaia 2, Iparralde 2-Milafranga eta Iparralde 3-Senpere. Hain justu, finalerdian Iparralde 3-Senpere taldeari 7-1 irabazi zion Gipuzkoak, eta hala lortu zuen finalera sailkatzea. 

Gipuzkoako federazioa bere lehendabiziko txapela irabazten saiatuko da Senperen; izan ere, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) antolatzen duen txapelketaren hamar aldietatik seitan jokatu dute finala: 2016an, 2017an, 2018an, 2019an, 2021ean eta 2022an. Ordea, urte horietan guztietan txapeldunorde gelditu da Gipuzkoa.

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu betean dago sartuta.

Partidetan bi talde jartzen dira aurrez aurre, baina pilotariek ez dute pilota hormaren kontra joz jokatzen. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide