Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak Esku Pilotako Kluben Ligako finalerdia jokatuko dute etzi, igandea, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan. 16:30ean hasita jokatuko dituzte kanporaketa horretako hiru partidak, Lazkaoko LAPKE elkartekoen aurka –Markina-Xemein kaleratu dute Lazkaokoek–.
Maiatzaren 25ean jokatutako final laurdenetan, Oteizakoek Hernani kaleratu zuten. Hamar tantoko bi set irabazi behar dira maila bakoitzean puntua batzeko, eta Hernanin bi pilatu zituzten. Kadeteetan, Etxaniz-Segurolak 3-10 eta 7-10 emaitzekin menderatu zituzten Makatzaga eta Zugasti. Gazteetan, Arregik eta Bastidak osatutako bikoteak 10-8 eta 10-4 galdu zuten Oses-Azpeitia bikotearen kontra. Nagusietan, azkenik, Oteizak eta Juaristik 10-5 eta 10-4 menderatu zituzten Hernaniko Apaolaza eta Lizeaga.
Finalerako pausoa ematen badute Oteizakoek, Lekunberriko (Nafarroa) Larraun pilota elkartekoen kontra aritu beharko dute hilaren 22an, igandea, Tolosako Beotibarren, 16:30ean hasita.
Etxanizek, Euskal Herrikoa
Bestalde, Oteizako Julen Etxaniz kadeteak Euskal Herriko eskuz banako txapelketa hasiko du bihar, zapatua. 10:00etan jokatuko du hark Gurea pilotalekuan final laurdenetako partida.