Iker Epelde Oteiza Pilota Kirol Elkarteko palista azkoitiarra Irun Hiria pala txapelketaren finalera sailkatu da. Kurpil Kirolak antolatzen du pala txapelketa, eta aurten, 28 bikote aritu dira lehian: hamabi bikote lehen mailan eta hamasei bikote bigarren mailan. Abuztuaren 31n hasi zuten txapelketa, eta datorren zapatuan, hilaren 19an, finalak jokatuko dituzte Irungo (Gipuzkoa) Uranzu pilotalekuan. Zapatu arratsaldean izango da, ordua zehazteko duten arren.
Lehen mailako finalean arituko dira Epelde eta harekin bikotea osatu duen Kepa Arrizabalaga elgoibartarra. Hodei Arregi eta Mattin Garbisu izango dituzte aurkari finalean. Finalera ailegatu diren bi bikoteek tanto baten aldeaz gainditu zituzten finalerdietako kanporaketak. Arregik eta Garbisuk 25-24 irabazi zioten Loidio eta Daguerreri joan den zapatuko finalerdian. Igandean jokatu zuten Epeldek eta Arrizabalagak, eta haiek ere 24-25 irabazi zuten Arizmendiren eta Huegunen aurka.