Gipuzkoan txirrindularitza lehiaketei berriro ekiteko aukera emango duen irtenbide bat eskatzeko, Gipuzkoako txirrindularitza taldeak Donostian mobilizatuko dira datorren igandean, urriak 13. Manifestazioa 11:00etan aterako da Donostiako Anoetako Antonio Elorza belodromotik eta udaletxe aurrean amaituko da.
Azken urteetan, Gipuzkoako errepideetan antolatzen diren edozein kirol modalitatetako probak antolatzea gero eta zailagoa da, horiek lehiakorrak izan edo ez. Zailtasun hori, ordea, benetan deigarria da txirrindularitza alorrean; izan ere, Trafiko sailak oztopo handiak jartzen ditu lasterketak nahiz zikloturisten probak antolatzeko.
Txirrindulariak arazotzat ditu Trafiko Sailak, eta horregatik, gero eta zailagoa da lasterketen zein proben antolakuntzan lan egitea. Arazo horiek medio, eta ikusita Eusko Jaurlaritzak arazoari konponbiderik ez diola eman nahi, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko kide guztiek dimisioa aurkeztu zuten irailean. Hori dela eta, gaur egun ez dago federaziorik indarrean, eta kolokan dago 2024-2025 denboraldia.
Peña Elorza txirrindulari taldeak mobilizazioetan parte hartzera dei egiten die txirrindularitza zale guztiei, gure lurraldean horren errotua dagoen kirolaren alde egin dezaten.