2022-2023 denboraldia itxi du Peña Elorza txirrindulari taldeak

Peña Elorza taldeko kideak, Azkoitian jokatutako proban.

Larunbatean, Urretxun (Gipuzkoa), herriko taldeak denboraldiko azken lasterketan parte hartu zuen. Jakes Zubizarreta bigarren sailkatu zen kimuen mailan.

Joan zen larunbatean, Urretxuko (Gipuzkoa) zirkuituan, trumoipean itxi zen haurren mailako 2022-2023 txirrindularitza denboraldia. Urretxu erdian egindako 1,5 kilometro inguruko zirkuituan zehar lehiatu ziren benjamin, kimu eta infantil mailako txirrindulariak. Ibilbideari bi, lau eta zortzi itzuli eman behar izan zizkioten, hurrenez hurren.

Peña Elorza taldeko partaidetzari dagokionez, guztira hemezortzi txirrindulari joan ziren lasterketara: hiru benjamin, sei kimu eta bederatzi infantil. Bai kimuen mailako eta bai infantilen mailako lasterketa esprintean erabaki zen. Bi mailetan esprintean gure taldekide ugari sartu ziren arren, ohorezko postua lortu zuen bakarra Jakes Zubizarreta izan zen, kimuen mailan bigarren postua lortuz.

Peña Elorza Txirrindulari taldeak eskerrak eman nahi dizkie denboraldi honetan parte hartu duten txirrindulari, entitate publiko, guraso eta laguntzaile guztiei. Izan ere, guzti horien laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen egin diren ekintza guztiak ongi ateratzea. Aipatzekoa da, denboraldi honetan 28 txirrindulari izan ditugula taldean eta astero-astero 15-20 txirrindulari ingururekin joan garela lasterketetara. Kuadrilla ederra!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide