Urrian hasiko du katekesia Azkoitiko Parrokiak

Erabiltzailearen aurpegia Parrokiako taldea

2020. urtean jaiotako haurrek izena eman beharko dute katekesian aritzeko. Bai urte horretan jaiotako haurren gurasoekin, bai lehenago jaiotakoekin bilerak egingo ditu Azkoitiko Parrokiak. Sendotza egiteko izen ematea ere zabalik du parrokiak. Ostiraletik aurrera otoitz isila hasiko dute. 

Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen Parrokia urrian hasiko da katekesiarekin. 2020an edota lehenago jaiotakoek jasoko dute aurten aurrenekoz katekesia, baina izen ematea 2020. urtean jaiotakoentzat zabalduko du soilik parrokiak; aurreko urteetan katekesian aritutako haurrek ez dute izena eman beharrik izango. Era berean, parrokiak azaldu du sendotzarako izen ematea ere zabalik dutela.

Ikasturtea hastearekin batera, parrokiak bilerak deitu ditu katekesian jasoko duten haurrei eta familiei zuzenduta. Urriaren 1ean, ostegunez, 2020. urtean jaiotakoekin egingo dute bilera, kantzelean (17:15). Katekesiaren lehen mailan arituko dira urte horretan jaiotako haurrak, eta izena emateko 606 21 07 40 telefono zenbakira whatsapp mezua bidali beharko da. Ordea, adinez nagusiagoak diren haurrekin eta familiekin ere egingo ditu parrokiak bilerak kantzelean: urriaren 8an, bigarren mailako haurrekin eta bidelagunekin egingo du bilera parrokiak (17:15); urriaren 15ean, hirugarren mailako haurrekin eta familiekin (17:15); eta urriaren 22an, hirugarren mailako haurrekin soilik. 

Otoitz isila bueltan

Datorren ostiralean, urriaren 2an, otoitz isilekin hasiko dira parrokian, 19:00etan. Otoitz isila hitz gutxiko otoitza izaten da, kontenplatiboa, barruko atsedena eta indarra berritzeko aukera eskaintzen duena.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide