Urtarrilaren 18an, igandez, ospatuko ditu gure erretore On Felix Azurmendik apaiz egin zuteneko urrezko ezteiak. Horretarako, igande horretan, meza nagusian, 11:00etan, esker oneko eukaristia eta otoitza izango dugu, On Felixek bere bizitza oparoa Aita Jainkoari eskaini diolako.
Azkoitiko eliztarrok, gazte zein helduk, badugu aukera paregabea egun horretako elizkizunean parte hartzeko, On Felixek merezi duen gure zoriona eta gertutasuna azaltzeko.
Hamahiru urtez Azkoitian
Azurmendik 25 urte zituela izendatu zuten apaiz. Urretxuarra jaiotzez, Gipuzkoako hainbat lekutako parrokoa izan zen hainbat urtetan, hala nola Beizamakoa, Matxinbentakoa, Pasaiakoa eta Nuarbekoa. Era berean, Juan Maria Uriarte Gipuzkoako obispoak bikario izendatu zuen Azurmendi, eta apezpikuaren aholkularietako bat izan zen.
Azkoitian, berriz, hamahiru urte daramatza parroko lanetan, eta datorren igandeko mezaren ondotik, apirilaren 26an jarraituko dute haren urteurreneko ospakizunek; izan ere, herri bazkaria egingo dute egun horretan Azkoitian.