Urrategiko Amaren koroatzearen 75. urtemuga dela eta, mezak egingo ditu Azkoitiko Parrokiak

Erabiltzailearen aurpegia Parrokiako taldea 2025ko ira. 8a, 08:51

Irailaren 17an beteko dira 75 urte Urrategiko Ama koroatu zutenetik.

Ostiralean hasiko ditu Azkoitiko Parrokiak ostiraletako otoitz isilak. Bestalde, Urrategiko Amaren koroatzearen 75. urtemuga dela eta, mezak izango dira. Katekesirako eta Caritas Txikirako izen-emateak ere zabalik daude. 

Iraileko bigarren astean sartuta, Azkoitiko Parrokiak hainbat hitzordu ditu. Irailaren 17an, Urrategiko Amaren koroatzearen 75. urtemuga betetzen da. Hori dela eta, Azkoitiko Parrokiak bi ekitaldi antolatu nahi ditu: batetik, irailaren 21ean, meza nagusia izango da Urrategin bertan (10:00); bestetik, urriaren 19an, meza nagusia izango da, Jubileua kontuan hartuta. Parrokiak aurrerago emango du azken meza nagusi horren berri.

Bestalde, datorren ostiraletik aurrera hasiko da ostiraletako otoitz isila. Aurrerantzean, ostiraleko 19:00etan egingo da otoiz hori Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. Esan beharrik ez dago otoitzak asko laguntzen digula gure kristau bizitza benetakoa izan dadin.

Katekesia eta Caritas Txiki

Haurren katekesia ere aste batzuk barru hasiko da. Aurten, 2019. urtean jaiotako haurrei egin nahi zaie deialdia; alegia, LH 1eko ikasleei. Katekesi klaseak hileko lehen ostegunetan izango dira. Aurrena, urriaren 2an, gurasoekin bilera bat egingo da. Urriaren 9an, LH2 mailako ikasleen txanda izango da, baita horien familiena ere (haurra eta bidelaguna). Hirugarren mailakoen familientzat, berriz, urriaren 16an izango da, eta haurrentzat, urriaren 23an. Katekesiaren izen-emateari buruzko informazio eta xehetasun gehiago eliz atariko karteldegian aurkituko daude. Saio guztiak 17:15ean hasiko dira.

Caritas Txikiaren ikasturte hasiera ere ate joka da. Irailaren 19an, ostiralez, egingo zaie hitzordu horiei, kantzelean (17:15). Egitasmo horri buruzko izen-ematearen informazioa gehiago eliz atariko karteldegian zehaztuko du Azkoitiko Parrokiak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide